San Martin eguna azaroaren 11 bada ere, gertuen duen larunbatean ospatzen dute Aranon. Aurten, azaroaren zortzirako egin dute hitzordua. Duela urte batzuk berreskuratu zuten ospakizuna eta azken urtetan, herriarekin nolabaiteko lotura duen kultur ekintzaren bat antolatzen saiatu izan dira. Iaz, esaterako, Urumeako Mendiak Bizirik plataformako kideek bultzatuta, makroproiektu eolikoen inguruan osatu zuten egun osoko egitaraua. Aurten, dokumental emanaldia, liburu aurkezpena eta solasaldia antolatu dituzte arratsaldean, afaritarako taloak eta gaztainak jan aurretik.
Azaroaren 8an, 17:00etan, Enarak dokumentala ikusteko aukera izanen da. 1967an, frankismo betean, apaizgai gazte batzuek musika talde bat sortu zuten euskarazko rocka egiteko: Enarak. Ehunka kontzerturen ondoren, 1971n, modu misteriotsuan desagertu ziren. 50 urte geroago, Beñat Iturrioz taldeko kantariaren semea bilaketa xelebre batean hasi zen taldearen arrastoen atzetik eta dokumentala izan da emaitza. Proiekzioaren ondoren, solasaldia izanen da dokumentalaren egilearekin eta protagonistetako batekin.
Iluntzean, 19:00etan, Aranzadi Zientzia elkarteko kideek osatu duten Iñistorketan: Iratzearen kultura Urumea bailaran paisaia, ondarea eta memoria liburua aurkeztuko dute. Iñaki Sanz Azkue biologoak, Josu Narbarte arkeologoak, Maite Errarte etnografoak eta Suberri Matelo etnografoak osatu dute liburua eta iratzeak baserrietan eta herri lurretan izan duen garrantzia jaso dute. Beraiek azalduko dituzte liburuaren nondik norakoak.
Eguna bukatzeko, taloak eta gaztainak jateko aukera ere izanen da elkarteko atarian. Herritarrek mimoz prestatutakoak dastatzeko aukera izanen da 20:30etik aurrera.