Sei bertsolari ariko dira kantuan Leitzako saioan: Jabi Lezaun Landa, Julio Soto Ezkurdia, Kattin Madariaga Apaolaza, Mikel Lasarte Cia, Patxi Castillo Graziarena eta Sarai Robles Vitas. Saioa aurkezten Iratxe Legarra Nuin ariko da.
Saioa kiroldegian izanen da 17:30ean hasita. Hasiera batean Herri Aretoan egitekoa zen baina, sarrera eskariari erantzuteko asmoz, egoera aztertu eta kiroldegira lekuz aldatzea erabaki du antolakuntzak. Saiorako sarrerak aitzinetik bertsosarrerak.eus atarian zein egunean berean 16:00etatik aitzinera leihatilan erosten ahalko dira.
Leitzako irabazleak zuzenean lortuko du azaroaren 29an Iruñean jokatuko den finalerako txartela; gainontzekoek, finalaurreko guztiak bukatu arte itxaron beharko dute, puntuazioaren arabera sailkatzen diren ala ez jakiteko. Momentuz, Eneko Lazkoz Martinez da sailkatu bakarra, pasa den larunbateko Agoizko saioa irabazita. Horrela gelditu zen sailkapena Agoitzen:
- Eneko Lazkoz Martinez: 508,5.
- Saioa Alkaiza Guallar: 496.
- Ekhiñe Zapiain Arlegi: 494.
- Eki Mateorena Zozaia: 488,5.
- Julen Zelaieta Iriarte: 458.
- Endika Legarra Nuin: 441.
Leitzako saioa jokatuta, azken finalaurrekoa Tafallan eginen dute azaroaren 16an.