«Hamar egunez Leitzako Zubillaga Saralegi enpresako bi langilek lan istripu larriak» izan dituztela salatu du LABek

Ttipi-Ttapa 2025eko azaroaren 3a

Argazkia: Freepik.

LABek jakinarazi duenez, urriaren 22an, 34 urteko langile bat helikopteroan atera behar izan zuten altuerako erori baten ondotik. Urriaren 30ean, berriz, 62 urteko langilea adar batek jota hil zen mendian lanean ari zela.

Bi kasuak «enpresa eta baso berean» izandako istripuetan gertatu direla adierazi du LABek, «Leitzako Zubillaga Saralegi SL enpresako langileak dira eta biak Sakanako Iturmendiko oihanean gertatuak».

LABek ohartarazi duenez, «basogintza sektorea hilkortasun tasa handiena duen sektorea» da. Datuak ere eman ditu: «Eraikuntzak baino hamar aldiz hilkortasun tasa handiagoa eragiten du urtez urte. Bi hildako eragin ditu dagoeneko 2025ean, hiru 2024an eta larri zauritutakoen zerrenda luzea da urtero». Gehiago ere bai: «Euskal Herri osoan sektorea mila langiletara ailegatzen ez dela kontuan izanik, datuak beldurgarriak dira». 

LABek adierazi duenez, «istripu tasa horren gibelean neurrien ez betetze orokortua dago». Honela gaineratu du: «Basogintzako patronalak ez du inongo osasun bermerik eskaintzen. Sektoreak langile prekarizatuenak erabiltzen ditu bere mozkinak bermatzeko, ez du tresneria egokia erabiltzen, eta formazio eskasa ematen die langileei». Sindikatuaren arabera, bada bertze «gehigarri bat» istripu tasa horren gibelean: «Lanaldiko ordu kopuru izugarria. Ohikoa da goizaldetik iluntzera arte langileak mendian aritzea. Urte sasoiaren arabera, horrek hamabi orduko jardunaldia erran nahi du». Hala, «bereziki sektore honetan, nekea istripuak eragiteko arrazoi garrantzitsua» dela iruditzen zaio LABi.

Administrazioari ere bidali dio mezua sindikatuak: «Nafarroan mendiko lanak batez ere eremu publikoetan gertatzen dira, eta hortaz, administrazioak baditu tresnak patronalaren arau hausteak mugatzeko». Sindikatuak esplikatu duenez, «esleipen pleguak erabiltzen ahal dira araudiak betetzen ez badira isunak paratzeko, lanorduak mugatzeko eta bertze hainbat baldintza paratzeko, hala nola, errekurtso prebentiboaren presentzia behartzeko mendiko lan guzietan».

Egoera salatzeko, LAB, ESK, Steilas, EHNE-Etxalde, Hiru eta CGT-LKN sindikatuek «ekimen berezia» iragarri dute azaroaren 10erako. Iruñeko Gaztelu Plazan eginen dute. 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun