Azkoitian azaroaren 2an jokatutako finalaren aurretik omenaldia eskaini zitzaien Patxi Astibia leitzarrari eta Joxe Mari Olasagastiri
Vicente laster hasi zen aldea egiten. Lan erdietan minutu bat baino zertxobait gehiago ateratzen zion Julen Alberdi Txikia IV.ari, eta bi minutu Mikel Larrañagari. Hortik aitzinera kontrolpean izan zuen lehia Vicentek. 39 minutu eta 46 segundoko denborarekin lortu du bere laugarren txapela, baina iazko markatik urrun.
Lehiarik handiena bigarren posturako egon zen, gorabehera handiak izan baitziren. Hasiera batean Txikia IV.ak hartu zuen aldea, baina txapelketako bigarren partean beheiti egin zuen. Larrañagak hartu zuen gero bigarren postua, baina Hodei Ezpeletak atzetik gogor etorri eta aurre hartu zion azken enborrean, 43 minutu eta 47 segundo denborarekin bukatuz, Vicentek baino lau minutu gehiago.
Hirugarren postuarekin konformatu behar izan zuen Larrañagak, 44 minutu eta 7 segundoko denborarekin. Julen Alberdi Txikia IV.a laugarren izan zen (45:42), Julen Gabirondo bosgarren (48:03) eta Xabier Zaldua seigarren (48:38).
Finala hasi baino lehen, omenaldia eskaini zitzaien 1968an txapeldun izan zen Patxi Astibia leitzarrari eta seitan txapeldun izandako Joxe Mari Olasagastiri (1996, 1998, 1999, 2001, 2005 eta 2010).