Iker Miranda Garcia

«Gaztetxearen bueltan egun osoko festa antolatu dugu»

Ttipi-Ttapa 2025eko urriaren 29a

Iker Miranda Garcia, Goizuetako gaztea.

Iker MIRANDA GARCIA, Goizuetako gaztea

«Goizuetako gazte saltseroa eta parranderoa» dela esanez aurkeztu du bere burua Iker Miranda Garciak. Ez da harritzekoa, beraz, azaroaren 1ean Goizuetan egitekoa duten Gaztetxearen Eguneko antolatzaileetako bat izatea.

Herriko festetatik ferietarako tartean ospakizunik ez zela ikusita, gazteek beteko dute hutsunea: «Gaztetxearen bueltan egun osoko festa antolatu dugu». Gaztetxea erdigunean jarri, baina argi utzi nahi izan dute gazteei bakarrik ez, «herritar guztiei» egin nahi dietela festan parte hartzeko gonbidapena. 

Hiru bat lagun hasi ziren antolakuntza lanetan: «gutxi gora beherako gorputz bat eman genion egunari». Gazteen artean ideia zabaldu eta egitaraua itxita, auzolanerako deia egin dute: «Herrian izaten diren beste hainbat ekitalditan bezalaxe, herritarrak inplikatzea nahiko genuke. Behar denean esku bat botatzea eta era berean, gurekin festaz gozatzea».

Aurrekontu askorik ez zutenez, herritarrak izanen dira protagonistak: «goizean herriko dultzaineroak aterako dira, herri kirol saioa ere antolatu dugu eta Irumaita txarangarekin itzulia osatuko dugu». Gero, herri bazkaria izanen dute eta bazkalondoan segida izanen du festak: «txaranga ibiliko da arratsaldean, eskoletako frontoian bokadiloak salduko dituzte afaltzeko eta eguna bukatzeko, La Jodedera eta Lenbailen taldeen kontzertuak eta Infernu DJa ariko dira». Egitarau borobila Mirandaren hitzetan: «jendea mugituko dela uste dugu, bai herrian baita kanpotik ere».

Udazkeneko giroa

Azaroa festa giroan hasi eta hilabetea modu bertsuan bukatzeko modua izanen dute: «Goizuetako feria eguna azaroaren 29an izanen da». Mirandaren iritziz: «Urteko egunik potenteenetakoa da». Festetan jende asko ibiltzen dela dio, baina ferietan sortzen den giroa «bestelakoa» dela azaldu du: «Nik arrunt gustura pasatzen dut. Egun horretan goizean goizetik ikusten duzu mugimendua». Herri guztia «zer edo zer egiten» aritzen omen da: «batzuk postuak antolatzen, besteak gauzak prestatzen, gosaltzen ere bai gazte asko... Polita da hori. Inor gutxi geldituko da egun horretan etxean». 

«Goizueta bizi-bizirik dagoen herria da»

Herritarren artean dagoen giroa azpimarratu du eta horixe da bere ustez Goizuetak duen bereizgarrietako bat: «lasaitasun handia dago herrian, baina aldi berean, bizi-bizirik dagoen herria da. Giro ederra dugu gure artean eta nabaritzen da ekitaldiak antolatzen direnean». Denek ezagutzen dute elkar eta barre artean gaineratu du:«Niretzat hori alde ona da, baina batzuk alde txar bezala ere hartzen dute». 

«Herrian bizi ahal izatea da gazte askoren ametsa»

Etorkizunean herrian bizitzea da gazte askoren ametsa, baina kezka iturria ere bada: «Herrian bizi nahi, baina horretarako aukerarik ez izatea». Hainbat korapilo ditu sokak: «erosteko aukera bai, baina oso erakargarria ez izatea. Alokairurako aukera gutxi...». Dena den, udaletik jasotako azken berriek esperantzarako bidea ematen dutela uste du: «ospitale zaharra berrituta, gazteok herrian prezio duin batean bizi ahal izateko modua izanen dugu». Landu beharreko bideak dira Mirandaren hitzetan: «herriak bizirik mantendu nahi badira».

Herriak bizirik eta herritarrak bizigarri: perrexila ere behar izaten baita saltsari zaporea emateko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun