Isiltasun, iluntasun eta soinuekin jolasean, beldurrak dantzan jarriko dituzte urriaren 31n. Leitzako hainbat gurasok, ALKEren, Denok Bat Guraso Elkartearen, Leitzako Konpartsaren, udalaren eta hainbat boluntarioren laguntzarekin Animen Ibilbidea antolatu dute.
300 parte hartzailek eman dute izena eta adinaren arabera banatuta, lau txanda osatu dituzte. 18:00etan aterako da lehenbiziko taldea Torrea ostatuaren atzeko aldetik. Haur Hezkuntzako eta LH 1eko ikasleak izanen dira eta heldu batek lagunduta osatuko dute ibilbidea. Bigarren txanda, 18:45ean, LH 2, 3 eta 4ekoek osatuko dute eta hirugarren txanda, 19:30ean, LH 5, 6 eta DBHko ikasleek. Bukatzeko, 20:15etik aurrera, batxilergoko ikasleak eta helduen txanda izanen da. 21:00etan bukatzea da antolatzaileen asmoa sorpresa batekin. 19:00etatik aurrera gaztainak eta pintxoak jateko aukera ere izanen da karrapean eta bukaeran, RIG3L goizuetarrak kontzertua eskainiko du.
Antolatzaileek sarreran azaltzen diren arauak bete eta errespetuz jokatzeko eskatu diete parte hartzaileei. Ibilbiderako beldurren txartelak plazako informazio bulegoan, Leitza ezagutuz daude. Bertatik hartu eta idatzi bertan zuen beldurrak. Ezinbestekoa da sarreran txartela aurkeztea.
