Urriaren 25ean jai egun berezietako soinekoa jantzia zuen Leitzako plazak. Jendetza bildu zen Inaxio Perurenaren agurreko ekitaldian. Xabat eta Joanes Illarregik, Aitor Mendiluzek eta Sebastian Lizasok botatako bertsoekin hasi zen leitzarrari antolatutako omenaldia. Hitzorduan ez ziren falta izan hainbestetan plaza lagun izan dituen herri kirolariak: Jon Rekondo, Txomin Amundarain, Asier Pellejero eta Aitzol Atutxa aizkolariek eta Josetxo Urrutia, Estefania Etxebeste, Xabier Aranburu, Udane Ostolaza eta Joseba Ostolaza harri jasotzaileek egindako pasilloa irribartsu eta hunkituta zeharkatu zuen Perurenak.
Azken erakustaldia egiteko ordua ailegatu zitzaion leitzarrari eta 188, 225 eta 250 kiloko harriak goratuta borobildu zuen bere ibilbidea. Herri kirol saioa osatu zuten gonbidatutako lagunek eta bukaeran, etxekoek, lagunek eta Leitzako herriak omenaldia eskaini zioten. Hunkituta eta eskertuta, bertso batekin eman zizkien eskerrak Inaxiok.