Animen Gauean mozorroak eta kalabazak izanen dira festaren osagarri, baina izenetik hasita behar den lekuan jarri nahi izan dute fokua antolatzaileek: «gau horretan animak aterako dira eta horri eman nahi izan diogu garrantzia».
Antolakuntza lanetan dabilen Amaia Agirre Domentxek azaldu du zein izan den abiapuntua: «lagun artean festa ttiki bat ospatzeko ohitura genuen eta herrira zabaltzeko proposamena egin ziguten. Heriotza eta beldurrak tabu dira oraindik eta hori lantzeko aukera ematen du festa honek; heriotzaz hitz egin eta beldurrak erretzekoa». Ideiari forma emanda, Animen Ibilbidea osatu dute ALKEren, Denok Bat Guraso Elkartearen, Leitzako Konpartsaren, udalaren eta hainbat boluntarioren laguntzarekin.
Alde zaharrean osatuko dute Animen Ibilbidea: «argi guztiak itzalita egonen dira eta kandelekin argiztatuta egonen da bidea. Marilo eta Marila izeneko bi pertsonaiek eginen dituzte gidari lanak eta bidean hainbat pertsonaia aterako dira, hilda dauden leitzarren arimak irudikatuz». Pertsonaia horiek bezainbesteko garrantzia izanen dute hiru elementuk: «isiltasunak, iluntasunak eta soinuek. Bakoitzak bere beldurrekin konektatzea da asmoa. Ez dira munstroak egon behar, ez da odola erabiliko edo motozerrarekin esperoan sustoa emateko inor egonen... baina iluntasunak, isiltasunak edo zenbait soinuk bestelako beldurrak jartzen dituzte dantzan». Parte hartzaile guztiei egin diete mozorrotuta joateko gonbidapena, «baina norbera nahi duen mozorroa janzteko libre sentitzea nahi dugu. Ezer inposatzea baino garrantzitsuagoa da gure ustez bakoitzak bere mozorroarekin konektatzea. Kanpora begirako ariketa egitea baino barrura begira jartzea nahiko genuke».

Izena ematea
Animen Ibilbidean parte hartu ahal izateko, urriaren 24an eman behar da izena Aieneko garbilekuan, 19:00etatik 20:00etara. Parte hartzaile bakoitzari paper bana emanen diete: «urriaren 31n zein ordutan joan behar duten zehaztuko diete eta beldurrak idazteko tokia egonen dago paperean. Txarteltxoa etxera eramatea bada aitzakia bat familian beldurrei buruz hitz egiten hasteko. Lanketa hori egiteko bidea ematea da gure nahia».
Urriaren 31n, 18:00etan aterako da lehenbiziko taldea Torrea ostatuaren atzeko aldetik: «hainbat txanda osatuko ditugu, adin tartetan banatuta eta 21:00etan bukatzea da gure asmoa sorpresa batekin. Gainera, 19:00etatik aurrera gaztainak eta pintxoak jateko aukera izanen da karrapean. Bukaeran, RIG3L goizuetarrak kontzertua eskainiko du».