Euskararen aldeko mendi martxa egin dute mendialdeko herrietako hainbat gaztek

Ttipi-Ttapa 2025eko urriaren 21a

Mendialdeko hainbat herrietako gazteak, Ireber mendiaren gailurrean, euskararen alde.

Nafarroako mendialdeko hainbat herrietako gazteak Ireber mendian elkartu ziren urriaren 4an, euskararen aldeko mendi martxa bat burutu ostean. Hamaika bide dituen mendi ederra da Ireber, eta urriko lehen larunbatean Leitzatik, Aldatzetik eta Beruetetik igo ziren Basaburua, Larraun-Lekunberri, Araitz-Betelu eta Leitzako gazteak.

Urriaren 4an Ireber mendian elkartu ziren, Leitzatik, Aldatzetik eta Beruetetik abiatu eta gero

Basaburutik, 17 gazte bildu ziren Berueteko plazan. Oringo Iturrian kotxeak aparkatu, bertako ur freskoz hornitu eta 11:00etan ekin zioten mendi martxari. Araitz-Beteluko eta Larraungo 16 gazte Aldatzeko plazan elkartu ziren eta 10:30ean hasi zuten ibilaldia. Azkenik, Leitzako 14 gazte 09:00etan Leitzako Torrea ostatuan geratu ziren, azken xehetasunak zehaztu, ur kantinplorak bete eta urrunean ikusten zen Ireber mendia igotzen hasi ziren.

Hiru tokietako gazteak eguerdian elkartu ziren gailurrean. Bertan, norberak bere hamaiketakoa atera eta bista ederrez gozatzeko aukera izan zuten. “Euskara Gazteon Gailur” lemapean argazki bat atera zuten

Bazkaria Uitziko Merkualde elkartean

Mendi martxa bukatzeko, Uitziko Merkualde elkartean egindako bazkarian 42 gazte bildu ziren eta bazkalondoan, bingoa izan zuten.

Martxaren helburua, «eskualdeko gazteak euskararekiko dugun maitasuna eta konpromisoa» erakustea zen, baita «euskarak berarekin dakarren herria eta kultura errespetatu eta zaintzearena. Finean, euskarak egiten baikaitu herri. Ireberreko gailurra euskaraz estaltzea lortu genuen gazteok, eta bertatik eskualde eta herri guztietako txokoak euskararekin bustitzeko».

Amaitzeko, Kattalin Lizarraga leitzarrak, bazkari bukaeran, bertso ederra kantatu zuen, Iparragirre abila dela doinuan.

 

Etzen sinplea goizeko plana

eta hala ere hara!

Uste nittunak baino gehiago

hurbildu gara bertara,

Eta diot lehenbailen,

ze iruitzen beste baten,

berriz elkartzen bagara

beste hamaika gailurretatik

zabal dezagun euskara.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun