Inaxio Perurena Zubitur

«Nahiago dut garaiz gelditu eta zahartzarora begira damurik ez izan»

Ttipi-Ttapa 2025eko urriaren 19a

Urriaren 25ean emanen dio bukaera Inaxiok plazetako ibilbideari.

Inaxio PERURENA ZUBITUR Harri jasotzailea

Berrogeita bat urterekin erretiroa hartzea erabaki du harri jasotzaile leitzarrak. Urriaren 25ean izanen da agurra: herri kirol erakustaldia eta bazkaria antolatu dituzte.

1989ko urriaren 25ean atera zen lehenbizikoz plazara Inaxio Perurena Zubitur. Leitzako plazan egin zuen debuta eta hogeita hamasei urte beranduago bertan hartuko du erretiroa. Plazara erdi jolasean atera zen mutiko hark, harriz harri, 308 kilotan jarri du bere errekorra. «Helburuak beteta eta arantzarik gabe» bukatuko du ibilbidea, hainbeste eman dion herriko plazan azkenekoz harria goratuta.

Leitzako plazan egin zenuen jendaurreko lehenbiziko saioa.

Eguraldiak laguntzen badu, hogeita hamasei urte beranduago, egun eta plaza berean eginen dut nire ibilbideko azken saioa. Bost urte baino ez nituen orduan eta ez dut uste emandako pausoaz oso kontziente izan nintzenik. Orduan zen ume bat plazara jolastera ateratzen zena. Segituan sartu zitzaidan harra barrenera eta bederatzi urterekin hasi nintzen entrenamenduekin. Hamabost urterekin 190 kilo goratu nituen, hamasei urterekin 210, hamazazpirekin 240, hemezortzirekin 260, hogeita hamabirekin 240 kilokoa esku bakarrarekin... Pixkanaka joan nintzen goraka, 308 kiloko harrira ailegatu arte.

Zenbatekoa izan da abizenaren pisua?

Bost urterekin, hizketan juxtu-juxtuan nekiela, plazara lehenbizikoz atera eta kazetari batek galdetu zidan ea noiz hautsi behar nuen aitaren errekorra. Komunikabideetan beti egon da galdera hori. Presioa da, baina hain gaztetatik eta hainbestetan egin zen konparaketa hori... oso azkar onartu nuela nik nire bidea egin behar nuela. Oso ongi markatu nuen bata eta bestearen arteko muga hori. Aita badakigu zein izan den, noraino ailegatu den eta nik argi nuen nire bidea markatu eta horri eutsi behar niola.

Bidean momentu gaziak eta gozoak izanen ziren.

Kirol guztietan bezalaxe, ezinbestean. Kirol maila batean ibiltzeak momentu txarrak baditu, lesioak, minak, lortutako markak ezin betea, buruarekin haserreak… baina barruan bada zerbait segitzeko eskatzen dizuna. Urduritasunak tarteko, oso gaizki pasa izan dut beti errekor saiakeretan. Gehiago gozatu izan dut prozesuan: polita da ikustea egiten ari zaren lanak fruituak ematen dituela. Helburua zehaztu eta lehenengo jasoaldi hori lortzen duzula ikustea ikaragarria da. Gero etxean lortu duzun harri hori plazan homologatzea lortzea ez da hain erraza. Badakizu badela huts egin ezin duzun eguna. Beroketa egin eta hogei segundotan jokatzen duzu guztia. Dena ongi atera eta dena da polita... edo ez... eta hortik alde egin nahi duzu lehenbailehen. 

Tentsio handiko momentua da.

Bai, baina pasa beharrekoa, horrek balio duelako. Asteasun 300 kiloko harria bizkarretik atzera erori zitzaidan eta handik aurrerako errekor saiakera guztietan beldurrez aritu nintzen, urduri. Ordura arte, goi oso ona egiten nion harriari. Handik aurrera, balekoa izatea, epaileak eskua altxatu eta jasoaldia homologatzea bilatzen nuen. 

«Kirol honi esker oso berezi sentitu izan naiz askotan»

Nolakoak ziren entrenamenduak?

Jende askok uste du zerutik etorri zaizula 300 kilokoa goratzeko abilidadea. Errealitatea da urtetako lana dagoela atzetik eta ordu pila eta urtetako lana denean, ez da zurea bakarrik. Etxeko guztien martxa aldatzen du. Udazkenean hasten nintzen gogor entrenatzen eta errekor batzuk apirilean eginak ditut. Kontuak atera, zenbat hilabete diren. Errutina gogorrak dira, zorrotzak… Larunbatero harriarekin entrenamendu serioa egiten nuen eta asteko zazpi egunetan gosari, hamaiketako, bazkari, siesta, bi arratsaldeko eta afaria, beti zainduz eta ordutegi berean egiten nituen. Nik daukadan oroitzapena, etxekoek ere badaukate. 

Elikadura, alderdi fisikoa… asko zaindu dituzu. Eta psikologikoa?

Nik horri ez diot eskaini behar beste denbora. Burua ere landu beharko litzateke; indartsuago izan baino, ahuleria gutxiago izateko. Fisikoki prest egon, baina burua huts egiten hasten bada hor asko galtzen da. Dena den, kontuan izan behar da kirol minoritarioak direla gureak. Horretatik ezin dugu bizi. Beste toki batean ari gara lanean eta udan erakustaldi dezente egiten baditugu neguko prestaketa egin dezakegu. Baina prestaketa horri gehitzen badiozu, entrenatzaile fisiko bat, nutrizionista bat, psikologo bat… ez du ematen.

Argazkia: Maria Bague Casanova eta Carlos Losillana

310 kiloko harrirako ere hasi zinen prestatzen.

308koak pasatu zirenean segitu nuen 310ekoaren bila. Pandemia etorri zenean horretan ari nintzen, baina kontua luzerako zela ikusita,  harri handirako prestaketa utzi nuen. Pixkanaka erakustaldiak antolatzeko baimena eman zuten eta erakustaldi horietako batean krakatekoa izan nuen belaunean, meniskoa hautsita eta lotailua eta tendoi bat ukituta nituen. Hortxe bukatu ziren errekor saiakerak. Egia esan, deskantsu handia hartu nuen.

Gerora, erakustaldietan gozatu duzu?

Erakustaldi eta kilometro dezente egin ditut eta oso oroitzapen onak ditut. Adibidez, Leitzatik hiru bat ordutara dagoen herri koxkor batera joan, herri kirolak inoiz egin ez diren toki batera, eta ikusleak gozatzen ikustea oso polita da. Antolatzaileak eskerrak emanez etortzea, jendea txaloka ikustea... harriari esker gauza eder askoak bizi izan ditut.

Zer eman dizu harriak?

Kirol honi esker oso berezi sentitu izan naiz askotan. Hori edozeinek ezin du esan. Baditut, niretzat oso bereziak diren oroitzapenak. Horietako bat, Errioxan pasa zitzaidan. Erakustaldi bat bukatutakoan 80 urtetik gorako aiton bat etorri eta berak egindako ferra txiki bat oparitu zidan. Furgonetako giltzan jarria daukat oraindik. Oso berezia den beste oroitzapena, 305 kiloko errekorra lortu nuen egunekoa da. Gogoan dut otsaila zela, sukaldeko gortina baztertu eta hamar zentimetro elur zeuden kanpoan. Giro horrekin ikuslerik ez zela izanen zen gure beldurra. Aldageletatik kantxara sartu nintzen, harrirantz zoazenean publikoa bizkarrez duzu eta ez duzu ikusten. Harrira ailegatu, buelta eman eta Leitzako frontoia leporaino betea zegoen. Oraindik ere hunkitu egiten naiz. 

«Ordu pila eta urtetako lana denean, ez da zurea bakarrik»

Erretiroa hartzeko garaia ailegatu da.

Nik beti esaten nuen gaztetan, ongi xamar egonda utzi nahi nuela eta garai hori ailegatu egin da. Erakustaldi batera joan eta zerbaitek krak egiteko beldurrez bazaude, ez duzu disfrutatzen. Gainera, umetatik oso sartua izan dut plazarekiko errespetua, horregatik gustatu izan zait beti plazan lan dezentea egin edo harri dezentea eramatea. Aurten urte hasieran 250ekoa goratu nuen erakustaldi batean eta zuntz haustura eduki nuen abduktorean. Geroztik, 240 kilorekin ibili naiz handiena. 225ekoa ere erabil nezakeen, 200ekoa ere saioa osatzeko adina bada, baina nolabait lotsa ere emanen lidake. Horregatik, nahiago dut utzi maila kurioso batean eta hemendik aurrera zaindu. Gainera, oso presente daukat 300 kilokoa goratu dugula lau harri jasotzailek. Horietatik bi, Migeltxo eta aita, aldakatik operatuta daude. Gibitegik gerriko arazoak tarteko, 40 urte baino gutxiago zituen harria jasotzez utzi zuenean eta zahartzarora begira karrozeria askoz hobea du. Nik ere nahiago izan dut garaiz gelditu, gero zahartzarora begira damurik ez izateko. 

Kosta zaizu esatea, hau da azkena?

Plaza probatu duenak nekez uzten duela esaten da eta badu zerbait berezia. Baina helburuak bete ditut eta ez dut arantzarik. Despedida urte bezala markatu dut eta horrek lagundu dit. Leitzakoa izanen da azkeneko plaza eta harri dezentea goratu nahi dut despedidan. Herri kirol erakustaldi polit bat atera dadila eta gero bazkari batekin ospatuko dugu. 

Eta hortik aurrera zer?

Segiko dut harri tokira joan, txalekoa jantzi eta entrenamendu batzuk egiten. Horrek bizia ematen dit, baina bada familiarekin eta lagunekin bizitzaz gehiago gozatzeko garaia.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun