Leitzako osasun etxean euskara sustatzeko proiektu pilotua osatu dute

Ttipi-Ttapa 2025eko urriaren 18a

Proiektuan parte hartu duten Leitzako osasun etxeko langileak.

Osasun Departamentuak duen Hizkuntza Planaren baitan eta Euskarabidearen gidaritzapean, Leitzako osasun etxean euskararen erabilera normalizatzeko proba pilotua egin dute 2023ko udaberrian hasi eta 2025eko udaberrira arte. Proiektu honen helburua izan da herritarrek osasun arretan euskaraz artatuak izateko duten eskubidea bermatzea eta laneko hizkuntza ere euskara izateko aurrerapausoak ematea. 

Prozesua diagnostiko fase batekin hasi zen, eta lehen urratsa izan zen langileak ezagutu eta eguneroko lanean euskararen kudeaketa zer den eta nola egiten den ezagutzea. Ondoren, barne harremanetan euskara gehiago erabiltzeko prozesua abiatu zen, osasun etxeko langileek ulertzen baitzuten herritarrekin  gehiago erabiltzeko aukera izango zutela baldin eta barne mailan ere erabilera indartzen bazuten. Tarte honetan, langile guztien ahozko komunikazioa aztertu eta hizkuntza konpromisoak hartu zituzten, bakoitzak bereak. Hilabete gutxiren buruan, euskararen erabilera % 64 izatetik % 86 izatera igo zen. 

Ahozko komunikazioa ez ezik, idatzizkoa ere landu dute prozesu honetan, berariaz neurtu baita langileek herritarrei emandako idatzizko informazioaren hizkuntza. Datuak baliatu dira gehien erabiltzen diren dokumentuak berrikusi eta neurriak hartzeko.

Guztira, Leitzako osasun etxean 14 profesionalek hartu dute parte neurketetan eta aurrez aurreko bileretan. Proiektuaren sustatzaileek balorazio positiboa egin dute: «Irribarre batekin eman diote amaiera prozesuari, Leitzako osasun etxean euskaraz lan egiteko eta arreta euskaraz jasotzeko aukerak zabaldu direnaren esperantzaz». 

Leitzako esperientzia eredugarria izan da, osasun langileak, Leitzako Udala, Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitatea, Osasunbidea eta Euskarabidea bildu dituelako norabide berean lanean. Egindako bidea baliatuta, gainera, dinamika hau beste osasun etxe batzuetara zabaltzen ari dira Osasunbidea eta Euskarabidea une honetan, Elhuyarren laguntza teknikoarekin batera. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun