Goizuetako ospitaleko eraikinean alokairuko sei etxebizitza egiteko dirulaguntzak eskuratu ditu udalak

Ttipi-Ttapa 2025eko urriaren 13a

Nafarroako Gobernuak 2025eko aurrekontuetan jasoa zuen proiektua finantzatzeko 300.000 euroko partida eta pasa den ostiralean sinatu zuten hitzarmena Begoña Alfaro Nafarroako Gobernuko kontseilariak eta Unai Miranda Goizuetako alkateak. Gainera, birgaitze babestuaren behin-behineko kalifikazioa lortuta, alokairuko sei etxebizitza egiteko 360.000 euroko dirulaguntza ere eskuratu du udalak. Eraikina birgaitzeko lanek 1,3 milioi euro inguruko aurrekontua dute eta erdia dirulaguntza bidez finantzatzea lortu dute. 

Aste honetan hasiko dituzte Goizuetako ospitala zena birgaitzeko lanak eta udalak «urrats handia» dela nabarmendu du: «Oso egoera arriskutsuan zegoen eraikuntza bat birgaitzen delako, ingurua egokitzeko urrats bat emanen delako eta, batez ere, alokairura bideratutako eskaintza publiko bat sortuko delako». Gainera, eraikina birgaitzeko beharko den aurrekontuaren erdia, 660.000 euro, dirulaguntza bidez finantzatzea lortu dute.

Nafarroako Gobernuarekin hitzarmena

Urriaren 10ean, Begoña Alfaro Etxebizitzako, Gazteriako eta  Migrazio Politiketako kontseilariaren bisita izan zuten Goizuetan. Proiektua bertatik bertara ezagutu eta 300.000 euroko dirulaguntza emateko hitzarmena si­natu zuten berak eta Unai Miranda alkateak.

Goizuetako udalak bisita baliatu zuen kontseilariari adierazteko etxebizitza dela «despopulazioari aurre egiteko tresnarik eraginkorrena». Goizuetako udalak horren inguruan daukan plangintzaren berri ere eman zion: «Eskola zaharretako etxebizitzak birgaitzea eta berriak egiteko kooperatiba bat sortzea». Proiektua epe laburrean «egingarria» dela azaldu zioten eta adierazi, «Nafarroako Gobernuaren inplikazioa ezinbestekoa dela».

Birgaitze babestua

Ospitalea birgaitzeko lanen aurrekontua 1.3 milioi ingurukoa izanen da eta Nafarroako Gobernuarekin sinatutako dirulaguntzaz gain, birgaitze babestuaren behin behineko kalifikazioa ere lortu dute: «Sei etxebizitza egiteko 360.000 euroko dirulaguntza jasoz». Gainera, Goizuetako Udalak adierazi du, «dirulaguntza gehiago lortzeko lanean» jarraitzen dutela.

Lanak hastear

Judith Ubarrechena arkitektoak hartu du 2010eko proiektua eguneratu eta lanak zuzentzeko ardura, eta Iparragirre eraikuntza lanak enpresak eginen ditu lehenengo faseko lanak: eraikina hustu, kanpoko paretak sendotu, eta egurrezko egitura eta teilatu berria egin. Datozen egunetan hasiko dira, eta 2026ko apirilerako egon beharko dute bukatuta.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun