Leitzako Zaintza Mahaiak eta udalak, herritarren eskura jarri du LeitzaKar zerbitzua. Familia estaldurarik ez duten 65 urtetik gorakoei edota egoera zaurgarrian daudenei etxetik herrira joan-etorriak egiteko eskainiko dieten garraio zerbitzua da. Egoera zaurgarritzat joko dituzte desgaitasuna duten pertsonak, gidatzeko baimena ez dutenak edo istripu edo gaixotasun batengatik aldi baterako autonomia galdua dutenak. Zerbitzua dohainik izanen dute eta erabiltzaileek egunerokoan izan ditzaketen oinarrizko beharrak asetzea da asmoa: zerbitzu publikoetara joatea, erosketak egitea, jubilotekara joatea, autobus geltokira eramatea...Gainera, herritar boluntario talde batek eginen ditu gidari lanak.
Zerbitzua erabili nahi dutenek 24 ordu lehenago deitu beharko dute 621 285 481 telefonora. Astelehenetik ostiralera, 12:00etatik 16:00etara, jasoko dituzte deiak. Jai egunetan ez dela zerbitzurik izanen jakinarazi dute.