Sekula baino irekiagoa dator aurtengo emakumeen buruz buruko txapelketa nagusia

Ttipi-Ttapa 2025eko urriaren 9a

Emakumeen lau eta erdiko txapelketa nagusiko aurkezpenean izan ziren pilotariak. Gaur egungo txapeldunak, Goiuri Zabaletak, ez zuen bertaratzerik izan.

Beti esan izan da Buruz Burukoa dela esku pilotaren txapelketarik garrantzitsuena, dena eman eta kentzen duena, eta emakumezko pilotariei ere egokitu zaie kantxaren handitasunari bakarka heltzeko tenorea. Urriaren 10ean Ataunen, emakumeen esku pilotak betidanik babesleku izan duen herrian, ekingo zaio aurtengo edizioari eta abenduaren 21ean jokatuko dira finalak Gernika-Lumon.

Goiuri Zabaleta leitzarra txapelari eusten saiatuko da, ostiralean Ataunen hasi eta abenduaren 21ean Gernika-Lumoko finalarekin bukatuko den lau eta erdiko txapelketan

Maila nagusiari dagokionez, inoizko txapelketarik irekiena izan daiteke aurtengoa. Egungo txapelduna izaki, Goiuri Zabaleta leitzarra agertzen da guztien buru, baina aurkari asko eta kalitate handikoei egin beharko die aurre txapela defendatu nahi badu. Oraintxe min hartuta egon arren, hiru txapel dituen Amaia Aldai txapelketarako prest egongo da. Olatz Arrizabalagak, binaka txapelik gehien dituen pilotariak, ez dio finala herrian jokatzearen aukerari ihes egiten utzi nahi izango bakarkako bere palmaresa estreinatzeko. Plazandreak saioko kaiolako txapela jantzita, Itxaso Erasunek kontuan hartzeko pilotaria dela erakutsi du udan. Lesio larritik osatu den Laia Salsamendik galdutako denbora berreskuratu nahiko du. Binaka atzean diferentzia handiak egin eta gero, Enara Gamindek buruz buru ere bikain moldatu daitekeela erakutsi nahi dio bere buruari. Arrillaga beti da goran egoteko hautagaia… Esandakoa, aurten lehen mailako partida guztiek izango dituzte interes gune ugari. Gainera, gizonezkoen profesionalen txapelketarekin paraleloan jokatuko da emakumezkoen elite mailako lau eta erdiko banakako txapelketa hau.

Baina Emakume Master Cupeko txapelketa honetako hiru mailatan banatuta (gazteak, promesak eta eliteak, hirurak ere pilota mistoarekin), 60 pilotari ariko dira, hamar herritan.

 

Hamar herritan

Baldintza hauekin, antolakuntzak dagoeneko prest du Gernikan amaituko den abentura honen ibilbide-orria eta, iazko rankinga kontuan hartuta osatutako txapelketan hamar izango dira bisitatuko diren herriak. Txapelketaren azken txanpa aurten Bizkaian jokatuko da, finalerdiak Basaurin jokatuko baitira abenduaren 7an eta finalak, abenduaren 21ean, Gernika-Lumon.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun