[ARGAZKIAK] Euripean elkartasuna aterpe

Ttipi-Ttapa 2025eko urriaren 6a

Urriaren 5ean, Leitzan egin zuten 2zi Elkarteak antolatutako Elkartasun Eguna. 500 lagunek emana zuten izena martxan, baina goizeko euri jasen ondorioz, herri inguruan ibilaldi motza eginda konformatu behar izan zuten. Euria ez zen oztopoa izan Ituren eta Zubietako joaldunentzat eta gogotik astindu zituzten joareak. Eguerdiko aterruneak baliatuta, fanfarreak goxatu zuen bazkalaurrea eta kantu bazkarian borobildu zuten eguna. Euripean elkartasuna aterpe, bildutako euro bakoitza bularreko minbiziaren ikerketara bideratzeko. (Argazkiak: Igaratza Apezetxea, Maitane Elustondo eta Eneritz Iraola)

Guztiok eta guztiontzat elkarlanean zioen 2zi Elkarteak egunerako aukeratuko leloak eta, beste behin ere, erantzun zabala izan zuen egindako deiak. Goizean, 09:30ean, egina zuten hitzordua Leitzako plazan eta aterpe bila, karrapean elkartu ziren denak. Txalaparta doinuen ondotik, Navarrabiomed-eko ikertzaile batek hartu zuen hitza eta orain arte 2zi Elkarteak egindako ekarpenekin egin dituzten aurrerapausoak azaldu zituen. 10:00 aldera hasi zen ibilaldia eta euriaren eta bidean zegoen lokatzaren ondorioz, ibilbide motza egin zuten denek. 

Eguerdian, Ituren eta Zubietako joaldunek hartu zuten plaza eta joareak gogotik astindu zituzten, gaitza urrutira bidali nahian. Herriko kaleetan zabaldu zituzten joare soinuak eta gero, Leitzako fanfarrearen txanda izan zen. Gitarra, dultzaina, txistu, tronpeta, akordeoi eta Jeiki abesbatzako kideen ahotsek goxatu zuten bazkalordura arteko tartea. Eskolako jangelan kantu bazkaria izan zuten gero. 250 lagunentzako paella prestatu zuten boluntarioek eta kanturik eta konturik ez zen falta izan Angel Mariezkurrena, Uxue eta Aitor Ibarra, Jaione, Jon, Aratz, Intzara, Arhane, Nahikari eta Beñat Mitxelenaren eskutik. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun