Familia medikua ofizioz, literatur eta filosofia zalea afizioz. Poesian topatu du hirurak elkartzeko bidea. Pamiela argitaletxearekin argitaratu du 0 negatiboa, bere lehenbiziko liburua. Fikzioaren eta errealitatearen arteko soka estuan dantzan, gai unibertsalak izan ditu hizpide. Ironia darabil, batzuetan ziztada, besteetan goxagarri: «mediku baten rola zein den erakutsi eta begirada hori munduari emateko».
Zer topatuko du irakurleak liburuan?
Liburu hau bada medikuntzarekin filosofia egiteko nire modu partikularra. Poemetan gai unibertsalak zeharkatzen dira: bizitza, heriotza, gaixotasuna, osasuna, baina baita suizidioa, genero indarkeria, klase sozialak sortzen duen zapalkuntza, dolua, zaintzaile izatearen argi eta ilunak, zauritutako gorputzen isiltasuna... ere. Saiatu naiz nahiko modu kontzientean medikuaren irudi autoritario eta apurtezin edo ideal hori ere desegiten.

«Saiatu naiz medikuaren irudi autoritarioa desegiten»
0 negatiboa, zergatik?
Argi nuen liburuaren izenburuan kontzeptu mediko bat erabili nahi nuela. 0 negatiboa liburuan biltzen den metafora bat da eta zaintzaileon izaeraren metafora egokia dela uste dut. Odol talde hori duten pertsonek beraien odola mundu guztiari eman diezaiokete, baina beraien odol talde bereko odola bakarrik jaso dezakete. Zaintzaileok beti egon behar dugu emateko prest, baina gero jasotzerakoan oso mugatuta gaude, oso zurrunak gara. Metafora polita iruditu zitzaidan, izenburu bezala erakargarria.
Genero guztien artetik, poesia hautatu duzu...
Ongi hausnartutako hautua izan da. Asmatu nezakeen eroetxe bati buruzko istorio bat edo familia baten bueltan eraikitako drama bat. Erraz aspertzen naiz, ezinen nuke narratiba liburu bat idatzi eskatzen duen jarraikortasun eta konpromisoagatik. Egun batean poema on bat idatz daiteke, liburu on bat ez. Eta irakurtzerakoan ere berdin, kafetegi batean edo autobusaren zain nagoela, poema pare bat irakurri eta hitz horien atzean dagoena irakurtzen saiatzea oso gustuko dut.
«Umorea asko gustatzen zait, batez ere ironikoa»
Poesiak zenbat du fikziotik, zenbat errealitatetik?
Poesia beti intimitatearekin lotzen da eta sentimenduekin eta badirudi beti zuretik ari zarela hizketan. Izan liteke, baina ez du beti zertan hala izan. Nire materiala nire memoria da, baina memoria fenomeno psikologiko bat bezala ulertuta. Zuk lehenbiziko oroitzapena duzuenean oroitzen duzu dena, ahotsak, usainak… baina oroitzen zoazen aldiro, oroitzen duzuna da azkeneko oroitzapena, ez lehenengoa. Sortzen duzun irudi hori osoa izan dadin, zu zoaz zure interesen baitan informazioa gehitzen. Gauza asko nire memoriaren parte dira, beste batzuk nik erantsi dizkioten gauzak dira. Harkaitz Canok esaten du poesian gehiago aldarrikatu behar dela autofikzioa eta ni ere horren aldekoa naiz. Zure ahotsetik, zurea balitz bezala idaztea, baina beste norbaiten emozio bat edo asmatutako zerbait kontatzea. Liburu honetan badaude gauza batzuk nireak, beste batzuk ez. Gustuko dut joko hori; irakurlea zalantza horrekin uztea.
Nola definituko zenuke zure idazkera?
Umorea asko gustatzen zait, batez ere ironikoa eta edertasuna ere asko gustatzen zait, estetikaren ikuspegitik. Liburuan drama asko daude, baina badirudi ironia edo edertasun bilaketa hori erantsiz gero, sufrimendua erdira jaisten dela.
Liburuan behin baino gehiagotan aipatzen duzu iruzurtiaren irudia.
Mediku bezala askotan sentitzen dut pazienteari iruzur egiten nabilela. Nik zer gomendio eman behar diot dibortziatzen ari den 50 urteko pertsona bati? Nor naiz ni 90 urteko bati taka-taka erabili eta sozializatzeko kartetan jolastera joateko aholkatzeko? Kontrazalean dagoen poema iruzurti sentsazio horretatik dator. Ni beti oso koloretsu joaten naiz jantzita, alkandora koloretsuekin ere bai. Amak beti esaten dit, inauterietako txilabak ematen dutela. Berak ez daki benetan mozorrotzen naizela bata zuria goraino lotzen dudanean.

Zein da liburuaren egitura?
Lau ataletan banatu dut liburua. Lehenbiziko atalak Bizitza ez da laborategian kabitzen izena du. Kontsultan pazienteekin izan ditudan hartu-emanetatik ateratako irudiak edo ideiak biltzen ditut. Bigarrena, Ematearen sindromea da: zaintzailea izateak dakarrena, iruzurtiaren sindromea… gatazka horiek guztiak biltzen dira. Hirugarren zatiak Dolua gasolinaz perfumatzen da izena du eta hor nire dolua, aitaren heriotza, sartzen da jokoan. Laugarrena Bisturiak hautsontzian da. Irudi iluna da, hor sartzen da nire buruaz dudan pertzepzioa: ni ere gorputz bat naizela, ni ere gaixotzen naizela, nire kezkak eta barne gatazkak... amatasunaren auzia ere tartean dago.
Kosta zaizu gogoeta horiek publiko egitea?
Interesgarria iruditzen zait nire hausnarketak munduari ematea. Gai unibertsalak beti landu dira poesian eta gaixotasunaz ere hitz egin dute askok, baina normalean gaixoaren figuratik. Beste aldetik, medikuaren ikuspegitik, egindako lan asko ez daude. Uste dut jendeak ez dakiela zein den mediku baten rola eta zer pasatzen zaion burutik. Gehiengoarentzat arrotza den errealitate bat da. Begirada hori ere munduari ematea interesgarria iruditzen zait. Are gehiago, mediku autoritarioaren figura urtetan indarrean egon denean.
Hala ere, aitortu beharra dut orain arte ez dudala nire burua idazle bezala aurkeztu. Orain arte esaten nuen idazten zuen norbait nintzela, ez idazlea. Hor ere, akaso, iruzurtia izanen naiz. Ongi dakit, idazle bezala aurkeztean ardura bat daukazula.
Medikuntza eta poesia, ez da ohiko binomioa...
Medikuntza arloko jendeak badirudi dibulgazio edo ikerketan sartu behar duela. Nik medikuntzako ikasketak bukatu nituenean filosofia ikasi nahi nuen. Liburu hau izan da filosofia egiteko nire forma partikularra. Arlo soziala asko gustatzen zait eta familia medikua izanda denetarik ikus dezakezu. Zure esku dago zein punturaino sakondu nahi duzun erabakitzea. Osasunaren determinante sozialak ikaragarri erakartzen nau. Adibidez, bere senarraren medikazioaz arduratzen den emakumeak, zaintzaile izateko ardura horretatik, beti izanen du antsietatea izateko aukera gehiago. Laborategiko lana hitzekin egiten dut nik.
MOTZEAN
Idazle bat?
Annie Ernaux, asko erakartzen nau bere idazteko moduak.
Azkena irakurri duzun liburua?
Pello Lizarralderen Lanbroa.
Genero bat literaturan?
Poesia.
Noiz idazten duzu?
Igande arratsaldetan. Saltsa asko izaten dut astean zehar eta niretzat asteburuak abagunea dira idazteko.
Amets bat?
Egingarria, etorkizun hurbilean kooperatzera joatea. Utopikoagoa Gazakoa lehenbailehen bukatzea.
Literatura edo medikuntza?
Medikuntza, literatura egiteko forma ematen didalako.
Idazterakoan papera edo ordenagailua?
Ordenagailua, ezabatzeko ahalmen gehiago daukalako.