Goxali Goizuetako aisialdi guneak urriaren 7an irekiko ditu berriz ere ateak

Ttipi-Ttapa 2025eko urriaren 3a

Goxaliko erabiltzaileak 2021ean.

Ludoteka urriaren 7an irekiko dute txikienekin eta urriaren 10ean handienekin. Familien txokoa, aldiz, hilabeteko azken ostegunetan mantenduko dute. Aurten, izena emate ezinbestekoa izanen da Goxalik eskaintzen dituen zerbitzuak erabili ahal izateko.

Goizueta eta Aranoko haur eta gaztetxoei
zuzendutako aisialdi gunea Goxali. Jolaserako, harremanak eraikitzeko eta irakurketa eta eskolako lanak sustatzeko espazioa eskaintzen
du. Aisialdi aberasgarria, elkarrekintza eta garatze prozesua bultzatzen duen esparrua da. 
Goizueta eta Aranoko hiru eta hamalau urte arteko haur eta gaztetxoen sozializazio eta aisialdi osasungarria sustatzea: haurren autonomia, kritikotasuna, sormena, ardura eta integrazioa.

Dohainik eskaintzen den zerbitzua da, baina aurten derrigorrezkoa izanen da izena ematea. Begiraleak gutxieneko informazio bat behar dute, harremanetan jartzeko aukera izan dezaten, haurren arduradunak nork diren jakiteko eta haurrak kontutan hartu beharreko egoeraren bat baldin badu aldez aurretik jakin dezaten. Izen-ematea beteta ez duenak ezin izanen du Goxalira joan. 

Ludoteka

Haur Hezkuntzakoentzat asteartetan 16:30etik 17:30era eta Lehen Hezkuntzako 1., 2., 3. eta 4. mailakoentzat 17:30etik 18:30era izanen da zerbitzua. Ostiraletan, berriz, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailakoentzat eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2. mailakoentzat emanen dute zerbitzua, 16:00etatik 17:00etara.

Familien txokoa, hilabeteko azkeneko ostegunetan mantenduko dute, 17:00etatik 18:00etara. Urriaren 30ean, azaroaren 27an, abenduaren 18an, urtarrilaren 29an, otsailaren 26an, martxoaren 26an, apirilaren 30ean eta maiatzaren 28an izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun