Vivid Herriak sareko bigarren bilera izanen dute Goizuetan urriaren 7an

Ttipi-Ttapa 2025eko urriaren 3a

Vivid Herriak sareko lehenbiziko bileran parte hartu zuten hainbat herritar.

Udalak, Nafarroako Gobernuak eta Emplea fundazioak bat egin dute Vivid Herriak sarean. Herritarren parte hartze aktiboa sustatuz, tokian tokiko erronka estrategikoei erantzuteko landa garapenerako proiektuak sortzea dute helburu.

Duela hilabete batzuk egin zuten lehenbiziko lan saioa eta bertan bildutako ideiei forma ematen hasiak dira dagoeneko. Kulturartekotasuna lantzeko beharra identifikatu zuten eta dagoeneko mahai gainean jarri dituzte zenbait proposamen. Goizuetako aterpetxean belaunaldi erreleboa bermatzeko lehenbiziko urratsak ere eman dituzte. Kultur arloan ere aurrerapausoak egitea adostu zuten eta Goinarri izeneko kultur gune komunitarioa 2026an martxan jartzeko lanean ari dira. Gai horiek guztiak landu, proiektuen jarraipena bermatu eta herritarren ekarpenak jasotzeko, urriaren 7an Tifanitxon elkartuko dira, 18:00etan. Lan saioan parte hartzeko izena eman behar da urriaren 5a baino lehenago 606 74 02 11 telefonora deitu edo idatzita.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun