Urriaren 3an hasiko dira berriz ere Goizuetako Ibilaldi Osasuntsuak

Ttipi-Ttapa 2025eko urriaren 2a

Goizuetako Ibilaldi Osasuntsuetan parte hartzen duten herritarrak.

Urrian ostiralero elkartuko dira eta azarotik aurrera, hamabostean behin.

2024ko irailean aurkeztu zuten Goizueta 65+ lantaldea eta urrian jarri zituzten martxan Ibilaldi Osasuntsuak. Geroztik, ekimenak izan duen arrakastaren erakusle dira datuak: hilabetean behineko hitzordua zen hasieran, hamabostean behin egitera pasa eta, eguraldi onarekin animatuta, aurtengo udaberrian astero egin zuten juntadizoa. 

Ekainaren 20an egin zuten aurreko ikasturteko azkeneko ibilaldia eta udako atsedenaren ondotik, berriz ere, oinak eta mingainak mugimenduan jartzeko asmotan dira. Egokitutako ibilaldiak dira eta etxetik kalera ateratzeko aitzakia bat izan eta herriko beste adinekoekin elkartuta, kirola egin eta tarte goxo bat pasatzea da helburua. 

Jubilatuen etxean, 10:00etan elkartu eta handik eguraldiaren arabera batera edo bestera mugituko dira. Itzulia 12:00 aldera bukatu eta bukaeran sorpresa izanen dute. Aitzakiak etxean utzi, kirolerako zapatilak lotu eta animatzeko deia egin diete herritarrei. Baldintza bakarra 65 urtetik gora izatea da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun