Aurrera Egunaren 27. edizioa ospatuko dute urriko lehenbiziko larunbatean. Goizean, 09:00etan,txistularien diana hasiko da eta ordu berean, aterako dira BTT taldekoak plazatik Guratzera igotzeko. Antolatzaileek aipatu dute hamar urtetik gorakoek parte hartu dezaketela itzulian. 10:00etan, Aurrera futbol eta eskubaloi taldeek partiduak jokatuko dituzte plazan eta 11:30ean, pilota eskolakoen txanda izanen da. Leitzako konpartsako erraldoi eta buruhandiek ere ez dute hutsik eginen eta 11:00etan kalejira eginen dute gaiteroekin. 12:30ean Aurrerako dantzarien emanaldiaz gozatzeko aukera izanen dute plazara hurbiltzen direnek. Gainera, rokodromoa eta haur eta gazteentzako ginkana ere antolatu dituzte, 12:00etatik 13:00etara. Bazkalaurrea girotzeko, kalejiran aterako da Incansables txaranga eta 14:30ean bazkaria izanen dute karrapean. Bazkalondoan, bazkideek Ingurutxoa dantzatuko dute, eta ondoren kalejira eginen dute, berriz ere, txarangarekin eta buruhandiekin. Indarrak hartzeko luntxa izanen dute eta pestak segida izanen du Joxe Mendizabalekin eta Zaze DJarekin.