Azaroaren 1ean, 09:00etan hasiko da festa dultzaineroen kalejirarekin. 11:30ean herri kirol saioa eginen dute eskolako frontoian. Bazkalaurrea girotzeko, 12:30 aldera, Irumaita txarangak kalejira eginen du. 14:30ean bazkaria izanen dute. Txartelak Amaia kafetegian jarri dituzte salgai eta 30 euroren truke: entsalada, piper beteak, txerri sahieskia, postrea, edaria eta kafea izanen dituzte bazkaritarako. 18:00etan Pasai txarangarekin herriko kaleak alaitu eta 20:00etan ogitartekoak jarriko dituzte salgai eskolako frontoiko tabernan. Gauean, 22:00etatik aurrera, La Jodedera eta Lenbailen musika taldeek kontzertua eskainiko dute eta Infernu Djak borobilduko du festa.
Ekitaldi hauek guztiak egin ahal izateko, herritarren laguntza eskatu dute gazteek. Ogitartekoak prestatu, bazkaria zerbitzatu, tabernako txandak egin, garbiketa lanetan esku bat bota... zabaldu duten formularioan izena emanda zehaztu dezakete zertan lagundu nahi duten.