Elkartasun Eguna antolatu du 2zi Elkarteak urriaren 5ean Leitzan

Ttipi-Ttapa 2025eko urriaren 1a

Igande eguerdian kalejira eginen dute joaldunekin eta fanfarrearekin.

500 lagun inguruk eman dute izena iganden goizean egin behar duten martxan parte hartzeko.

Bularreko minbizi metastasikoaren ikerketan laguntzeko euro bakoitza ezinbestekoa dela jakinda, diru bilketarekin segitzen du 2zi Elkarteak. Urriaren 5erako antolatu dutena, 2zik prestatu duen hirugarren elkartasun eguna izanen da eta, oraingoan ere, parte hartze handia espero dute. Datua ere aurreratu dute, «goizeko elkartasun martxarako 500 bat lagunek eman dute izena».

Iaz marea arrosa izan zena, aurten kolore urdinarekin ordezkatuko dute.  Martxako parte hartzaileak 09:30ean aterako dira Leitzako plazatik eta, aukeran, zortzi kilometroko ibilbide luzea edo bestela herri inguruan osatuko duten ibilbide motzagoa eskainiko dituzte. Herrian denak elkartuta, 12:00etan, kalejira eginen dute joaldunekin eta fanfarrearekin. 14:00etan kantu bazkaria antolatu dute, bazkalondoan bingoa eta 19:00etan zozketa.

2zi Elkarteak antolatutako hirugarren Elkartasun Eguna da aurtengoa eta, oraingoan ere, bildutako dirua Navarrabiomed ikerketa zentrora bideratuko dute. Dagoeneko 46.287,64 euroko ekarpena egina diote.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun