Infantek eta Galeanok irabazi dute II. Udara CaixaBank pilota txapelketa

Ttipi-Ttapa 2025eko irailaren 29a

Palestinarekin elkartasuna adierazi zuten Adoseko pilotariek sari banaketaren ondotik.

Irailaren 26an, ostiralean jokatu zen Agoitzen II. Udara CaixaBank pilota txapelketaren final handia. Infante–Galeano bikoteak erakustaldi bikaina eman zuen eta 22–7 nagusitu zitzaion Iturriaga leitzarrak eta Mujikak osatutako bikoteari. Hasieratik bukaerara kolore gorria izan zen nagusi, eta partidu bakar bat bera ere galdu gabe Ainhoa Ruiz de Infante eta Leire Galeanok bigarren edizioko titulua lortu zuten. 

Iera Agirre Iturriaga leitzarra, finalean pilota altxatzen.

Ostiralean Agoitzen jokatutako final handian 22-7 irabazi zieten Iturriaga leitzarrari eta Mujikari

Txapelketaren bigarren edizio honek emakumezkoen eskuzko pilotaren presentzia eta ikusgarritasuna indartu ditu, Nafarroa, Gipuzkoa eta Bizkaiko 15 herritan jokatutako 16 partidarekin. Giro ezin hobean amaitu da Udara CaixaBank Txapelketa, emakume pilotarien maila eta ikusgarritasuna berretsiz. 

Sari banaketan txapelketa posible egiten duen babesle nagusia den CaixaBanken ordezkari gisa Jose Antonio Lahoz eta Patxi Eugi pilotari handia izan ziren eta Palestinarekin elkartasuna adierazi zuten pilotariek.

Infante eta Galeano txapeldun eta Iturriaga eta Mujika txapeldunorde, Patxi Eugi pilotari ohiarekin eta CaixaBankeko Jose Antonio Lahozekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun