Finaleko pilotari onena izendatu duten leitzarrak eta errioxarrak, 22-16 irabazi diete Aldairi eta Mendizabali
Finalaren hasiera parekatua izan da, markagailuan berdinketa ugarirekin eta markagailuan zuloa irekitzeko gai izan ez diren bi bikoterekin. Lehen zati horretan, Nora Mendizabal seguru aritu da atzean eta Amaia Aldai aire jokoa bilatzen saiatu da, aurkariei min emateko. Bikote gorrian, berriz, Andrea Capellanek jo ditu pilotakada luzeenak, baina jarraitutasun handirik gabe eta Goiuri Zabaleta, berriz, erregularrena izan da, erasoan min handia eginez, txokoan batez ere.
Dena den, markagailua berdinduta mantendu da hamalaunako berdinketara iritsi arte. Une horretan, ordea, aurretik jarriko zituen Amaia Aldairen gantxo batek txapan jo du eta finaleko partzialik handienari bide eman dio. Sei tanto jarraian egin dituzte gorriek. Gaztea izan arren, Leitzako aurrelariak bere kalitatea eta kantxan egoten jakitea inposatu du, eta Amaia Aldaik, berriz, nahiko justu amaitu du eskuinarekin.
Baina Logroñoko San Mateo festen barruan jokatutako jaialdiak askoz gehiagorako eman du. Esaterako, Errioxako harrobiaren erakusleiho paregabea izan da, infantilen mailako partida batekin. Bertan Juncal Garciak eta Natalia Martinezek Alicia Garcia eta Carla Romero tanto bakarraren aldearekin gainditu dituzte (22-21).