BEÑAT APEZETXEA

«Ametsa egia bihurtzea litzateke profesionaletan debuta egin ahal izatea»

Ttipi-Ttapa 2025eko irailaren 20a

Bost txapel irabaziak ditu aurten Apezetxeak eta beste hiru txapelketatan finalista izan da. Argazkiak: Felix Loiarte

Beñat APEZETXEA APEZETXEA, Goizuetako pilotaria.

Afizionatu mailan punta puntan dabil. Bost txapel irabaziak ditu denboraldi honetan, azkena Antiguakoa. ASPErekin entrenatzen ari da, profesionaletarako saltoa emateko gogotsu.

Nolako zura, halako ezpala. Juantxo Apezetxea aita pilotari afizionatu handia izan zen eta hainbat txapel jantzi zituen, tartean munduko txapelketa 1994an eta 1998an. Aitaren bidetik, baina bere bidea egiten ari da Beñat Apezetxea Apezetxea semea ere (Goizueta, 2005). Urte berri egunean egin zituen hogei urte eta aurten dagoeneko bost txapel irabaziak ditu, tartean, Antiguako txapelketa entzutetsuarena abuztuaren 30ean, Carmelo Lozarekin bikote eginez. Duela bi urte ere, 18 urterekin, irabazia zuen txapelketa hau. Iaz, 22 urtez beheitiko munduko txapeldun ere izan zen eta azken urteetan beste hainbat txapel irabaziak ditu, «ez ditut kontatuak», dio. Hiru anai-arreben artean tartekoa da Beñat (anaia nagusiarekin bikote egin zuen gaztetan) eta, pilotari profesional izatea «ametsa egia bihurtzea» izanen litzatekeela aipatu digu. Han eta hemen pilotan aritzeaz gain, LH+Cafyd (Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zientziak eta Lehen Hezkuntza) gradu bikoitza ere ikasten du Donostian. 

Noiz hasi zinen pilotan? Nolabait, munduko txapeldun izan zen Juantxo Apezetxearen seme izateak bideratzen zaitu pilotari izatera?

Lau urterekin hasi nintzen pilotan, aitaren laguntzarekin. Noski, aita pilotaria izateak asko bideratu ninduen pilota mundura.

Hainbat pilotariren “sehaska” da Goizueta… Herri ttikia baina hainbat eta hainbat pilotari, afizionatutan, profesionaletan… zergatik?

Beti izandu da Goizuetan afizio handia, ttikitan lagunek ordu asko sartzen genituen pilotan. Nik uste horregatik dela, frontoian ordu asko sartzeak bere pisua duela uste dut.

Etorkizunera begira ere, Goizuetako pilota eskolak indartsu segitzen du?

Pixkana-pixkana jaisten ari dela uste dut, gero eta gazte gehiago joaten dira Hernanira futbolera... gure adinean denak pilota eskolan apuntatzen ginen, orain hori ez da horrela, batzuk bakarrik apuntatzen dira. 

Beñat Apezetxea, Goizuetako zubi handiaren parean. Argazkia: Felix Loiarte

Zenbatero entrenatzen duzu? Nola banatzen dituzu entrenamentuak? 

Astelehen eta asteazkenetan fisikoa (pesak, lasterra eta abiadura entrenamenduak) egiten dut Unai Legarretarekin. Astearte eta ostegunetan pilota. Asteburuetan, berriz, partiduak izaten ditut. Aste guziko antolaketa aldatzen da partiduak astean zehar baldin baditut. 

Zein dira Beñat Apezetxea pilotariaren ezaugarri nagusiak, zure indarguneak? Eta zertan hobetu behar duzula iruditzen zaizu? 

Indargunek defentsa eta gantxoa esango nuke eta hobetu beharreko gauza asko (kar, kar…), baina gehien bat eskuinarekin pilotari emateko jestua. 

Afizionatu mailan hainbat eta hainbat txapel jantziak dituzu… Kontatuak dituzu? Zein aipatuko zenituzke bereziki? Garrantzitsuena zein izan da zuretzat? 

Ez dauzkat kontatuak, baina gustura ari naiz. Aurten bost txapel atera ditut eta beste hiru eskapatuak baditut, azpitxapeldun geldituta. Bat aipatzekotan Antiguako azkeneko txapela izanen litzateke, oso torneo ona egin dudalako eta, goizuetar asko hurbilduta, oso anbiente polita jartzen delako frontoian. 

Antiguako txapelketa handikoa izan da aurten Beñat Apezetxeak irabazi duen azken txapela, Carmelo Lozarekin bikote eginez.

Binaka, banaka buruz buru, lau eta erdiaren barrenean, zeinetan moldatzen zara hobekiago? 

Gehiena binaka jokatzen dut, orduan hobekien horretan moldatzen naiz. Lau eta erdian eta buruz buru oraindik ez naiz asko ibili, hemendik aurrerako helburu nagusietako bat horietan bietan hobetzea izanen da. 

Eta beti etxeko taldearekin, Umore Onarekin? 

Erreka taldean ere ibili izan naiz, Donezteben. Kadetetan eta jubeniletan bakarrik gelditu nintzen Goizuetan eta orduan hara joan behar izan nuen. Gero Umore Onara etorri nintzen berriz, Antton Apezetxearekin pareja egitera. 

Gainera, Umore Onarekin (eta Anttonekin) Espainiako klub arteko txapelketan ohorezko mailara igotzea lortu duzu, aurten maila hori mantentzea… Hori ere handia da, ez? 

Bai, oso handia egia esan. Bigarren mailan hasi ginen eta lehen mailara igotzea lortu genuen lehenik, eta gero ohorezko mailara, bi urtez bigarren mailatik ohorezkora igo ginen. Aurten, berriz, maila nagusi horretan mantendu egin gara eta oso pozik gaude. Goizuetako frontoian krixton giroa jartzen da jokatzen dugun aldiro, herriak asko segitzen digu eta hori pilotariontzako oso polita da. Ea horrela segitzen dugun urte batzuetan. 

«Herriak asko segitzen digu [Espainiako klub arteko pilota txapelketan] eta hori guretzat oso polita da»

Eta aitaren bidetik, munduko txapeldun izatea ere lortu zenuen iaz Iruñean 22 urtez beheitiko mundialean…

Bai, Espainiako selekzioarekin, eskuz binakako munduko txapeldun izan ginen 2024an Iruñean. Finalerdietan jokatu genuen Unax Apeztegia elizondoarrak eta biok eta erraz irabazi genien Frantziako ordezkariei. Finala, berriz, Amianok eta Lozak jokatu zuten eta hauek ere Mexikoko bikoteari irabazi zioten. Beraz, sub22 kategorian munduko txapeldun naiz, bai. Aitak ere 22 urtez beheitiko buruz buruko mundiala irabazi zuen 1992an eta senior mailan ere txapeldun izan zen buruz buru, 1994an Donibane Lohizunen eta 1998an Mexikon.

Aspe enpresaren "orbitan" omen zaude… Beraiekin entrenatzen duzu? Gustatuko litzaizuke profesionaletara salto egitea? Horrelakorik aipatu dizute? 

Bai, Asperekin nabil entrenatzen. Askotan profesionalekin entrenatzen dut, Jokin Etxanizen eta Jon Apezetxearen laguntzarekin eta oso pozik. Entrenamentu horiek ni bezalako afizionatu batentzako amets bat egia bihurtzea bezala dira eta oso eskertua nago alde horretatik. Profesionaletan debutatzea beste amets bat da, gustatuko litzaidakeena egia bihurtzea, baina oso zaila da eta oraindik lan asko egin beharra dut hori iristea nahi badut. 

«Oraindik lan asko egin beharra daukat profesionaletara iritsi nahi badut»

Profesionaletarako urrats hori ailegatuko balitz, zein helburu jarriko zenizkioke zure buruari? 

Maila horretan ikasten joatea, eta nire bertsiorik hoberena ateratzea. 

Zein pilotarirekin gustatuko litzaizuke bikote egitea? Eta zeinen kontra aritzea? 

Behin profesionaletara salto eginez gero, denekin gustura ariko nintzateke, baita denen kontra ere. 

 

Beñat Apezetxea hurbiletik

  • Pilotarien artean, idolo bat? Aimar Olaizola. 
  • Pilota ez den bertze kirol bat? Futbola. 
  • Miresten duzun kirolari bat? Jokin Altuna. 
  • Pilotari ez bazina… Ez dakit zer izanen nintzen, baina ez naiz geldirik egotekoa, zeozer eginen nuen. 
  • Denbora librean, zein afizio dituzu? Baserria eta ehiza. 
  • Musika talde gogokoren bat? Berri Txarrak. 
  • Pelikula edo aktore gustukoenak? Fast and Furious. 
  • Oporretan, mendia ala hondartza? Mendia. 
  • Informatzeko, telebista, irratia, prentsa… Telebista. 
  • Sakelako telefonoaren menpe bizi zara? Sakelakoa ibiltzen dut, baina gabe egoten ere badakit. 
  • Sare sozialetan, zer gehien? Whatsapp eta Instagram.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun