Herrian eskolarik ez dagoenez, garraio zerbitzua bermatu beharra du Nafarroako Gobernuak.
Aranoko zazpi eta hamalau urte arteko bost ikasle ari dira Goizuetako eskolan ikasten eta Nafarroako Gobernuak eskaini beharko lukeen zerbitzuaren faltan, familiak izan dira ikasleak eskolara eraman eta ekartzeaz arduratu behar izan dutenak. Eragin zuzena izan du horrek familien egunerokoan: «haurrak eskolara eramateko egunean bi buelta egin behar izateak gainkarga eta kezka nabaria ekarri digu familioi».
Nafarroako Hezkuntza Departamentuko ordezkariekin hartu-emanetan jartzen ere saiatu ziren, baina ez zuten aurrerabiderik lortu: «Goizuetako baserrietako garraioa erabiltzea proposatu ziguten, 07:30ean atera eta 16:30ean bueltatzea. Zazpi urteko ikasleak izanen luke jangelan bazkaltzeko aukera, baina hamabi eta hamalau urte artekoak bazkaldu gabe etorriko lirateke. Behar luketena baino ordubete lehenago eta ordubete beranduago da hori eta ezin da onartu». Aranoko udalari ere eskaera luzatu zieten handik egoera konpontzen lagun zezaten:«garraio sailarekin, hezkuntzarekin, inklusio sailarekin... negoziatzen aritu dira eta eskola ere hasieratik irtenbideak ematen saiatu da. Eskertzekoa da eman diguten laguntza».
Bere aldetik, Goizuetako Udalak taxi lizentziak esleitzeko deialdia egina zuen, baina hautagaitzak aurkezteko epea irailaren 9ra artekoa zenez, ikasturtea hasi berritan ezin zen zerbitzua bermatu: «azkenean hautagai bat aurkeztu dela jakin dugu eta eskatutako baldintzak eta epeak ahalik eta azkarren betetzeko ahalegin handia egiten ari da».
Taxi zerbitzua martxan jartzerako urri erdialdea izanen zela aurreikusita, presioa egiten segi dute. Hainbat bilera egin dituzte eta Goizuetako eta Aranoko Udalen jarrera goraipatu nahi izan dute: «beraien kontura autobus bat jartzeko prest zeuden». Azkenean, inklusio sailak txosten bat egin zuen eta gaur jakin dute, horrek bultzatuta, behin behinean autobus zerbitzua jartzea onartu dutela:«ume hauen artean behar bereziak dituenik bada eta inklusio sailean aurkeztutako txostenak bultzatuta, urriaren 15era arte autobus zerbitzua martxan jartzea onartu dute».
Albiste gazi-gozoa izan da gurasoentzat: «txosten horretara jo beharrik gabe, gaiak hasieratik bestelako konponbide bat ematea merezi zuela uste dugu». Hemendik aurrera, herri txikietako ezaugarriak kontuak izanen dituztela espero dute Aranoko gurasoek eta ez dituztela arinkeriaz hartuko bertan bizi direnen beharrizanak: «herri txikiak bizirik nahi baditugu, zerbitzu hauek ezin ditugu galtzen edo kolokan jartzen ikusi».