'80 amandre' helduentzako ipuin kontaketa saioa antolatu dute Leitzan igandean

Ttipi-Ttapa 2025eko irailaren 18a

Dorleta Kortazar Alkoz, Leitzako Martikonea baserriko biloba ariko da kontalari lanetan. (Argazkia: Goiena)

Tximutxe Euskara Taldeak antolatu du hitzordua irailaren 21ean, 19:00etan, Leitzako Herri Aretoan. Dorleta Kortazar Alkoz, Leitzako Martikonea baserriko biloba ariko da kontalari lanetan. Sarrerak egunean bertan salduko dituzte, bost euroren truke.

1974ko abuztuaren 11n Leitzako Martikonea baserriko sukaldean hasi eta 1940an, Eskoriatzako Amerikanuen Etxean, amaitzen da 80 amandreen bidaia. Amona Josepinaren mototsean nola, lau emakumeren bizitzak elkarrekin katramilatuko dira ikuskizunean, denboran atzera eta aurrera eginez. Dorleta Kortazar Alkozek ikuskizunaren sinopsian aipatzen duenez, ikusleen oroitzapenak eta emozioak jarriko ditu dantzan: «Oraingoan, nik nire amandreen istorioak kontatuko ditut, baina zuk zureekin egingo duzu bat».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun