Aresoko uso postuen enkanteak irailaren 20an eta 27an eginen dituzte

Ttipi-Ttapa 2025eko irailaren 18a

Datozen bi larunbatetan, Aresoko udaletxean 18:00etan izanen dira enkanteak.

Uso postuen lehenbiziko enkantea irailaren 20an, 18:00etan, eginen dute udaletxean. Aste betez eskaintza hobetzeko aukera izanen da eta irailaren 27an eginen dute bigarren enkantea, ordu eta leku berean.

Aresoko Udalak postuen irteerako prezioak ere jakinarazi ditu. Bigarren, hirugarren eta laugarren postuen hasierako prezioa 660 eurokoa izanen da. Lehenbiziko, bosgarren, hogeita batgarren, hogeita bigarren, hogeita hirugarren eta hogeita laugarren postuen truke 360 euro eta gainontzeko postuen lizitazio-prezioa, 240 eurokoa izanen da. Txartelarekin ordaintzeko aukera izanen dela aipatu du udalak.

Horretaz gain, azaldu dute postua egokitzeko lan guztiak egiteko konpromisoa esleitutako pertsonek hartzen dutela bere gain. 100 euroko findantza eskatuko zaie eta denboraldi bukaeran transferentzia itzuliko da, ezin izanen da hurrengo urterako gorde. Enkanteko baldintza guztiak Aresoko Udalaren web orrian ikus daitezke.

Iazko uso postuen enkantean 19.298,33 euro bildu zituen Aresoko Udalak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun