Urria atea joka dugu eta hastear da mugimendua Leitzako Herri Aretoan. Aurtengoan ere, urritik maiatzera, zinemaz gozatzeko aukera izanen da hilabeteko lehenbiziko eta hirugarren asteburuetan. Egun bakoitzean bi pelikula emanen dituzte, 17:00etan eta 19:30ean. Hala, larunbatean zinemara joateko aukera ez duenak, igandean joateko aukera izanen du. Haurrentzako emanaldiak normalean 17:00etan jartzen dituzte, baina Miren Tirapu kultur teknikariak argitu nahi izan du «17:00etako saioak ez direla beti umeentzako saioak izaten. Batzuetan, helduei zuzendutakoak izaten dira bi saioak». Denboraldia hasteko, urriaren 4an eta 5ean, Hartz atzapar kanpamendua ikusteko aukera izanen da, 17:00etan etaMaspalomas, 19:30ean. Urriaren 18an eta 19an, berriz, Karmele eta No other land ikusteko aukera izanen da.
Bigarren asteburuetan, aktoreak igoko dira oholtzara eta hilabetean behin antzezlan bat izanen da ikusgai. Urriaren 12an, Eukalyptus antzezlana ikusteko aukera izanen da. Azaroaren 9an, Metrokoadroka kolektiboak Aztia antzezlana taularatuko du eta abenduan Axut!-en eskutik Nor naizen baneki obra ikusteko aukera izanen da.
Leitzako Udalak antolatutako ekitaldiei hauei, herriko eragileek antolatutakoak gehitu behar zaizkie. Orain artean bezala, programazio osoa leitzakultura.eus-en egonen da ikusgai.
Zinema bonuak salgai
Gaur, hilak 15, jarri dituzte Leitzako zinemarako bonuak salgai. Iaz bezalaxe, bi bonu izanen dituzte aukeran: 17:00etako emanaldietarako, bata eta 19:30erako, bestea. 17:00etako saiorako bonuak, 31,50 euro balio du eta prezio horretan, bederatzi sarrerako eskura daitezke. 19:30erako saiorako bonuak, berriz, 41, 50 euroren truke eskura daitezke. Nahi dituenak kulturaleitza.eus-en edo 621 20 05 73ra idatzita eskura ditzake. Bonuak izendunak dira eta, baina beste pertsona batzuekin partekatu eta denak egun berean erabil daitezke. Irailaren 15etik 2026ko ilbeltzaren 7ra arte egonen dira salgai bonuak eta erabiltzaile bakoitzak nahi adina eros ditzake.