[ARGAZKIAK] Giro bikaina Leitzako Taloaren Egunean

Ttipi-Ttapa 2025eko irailaren 15a

Leitzako Taloaren Egunaren 20. edizioa ospatu zuten irailaren 14an. Taloak jan, Mendialdeko ekoizleen eta artisauen produktuak erosi eta herri kirolaz gozatzeko aukera izan zuten bertaratu zirenek. Saralegi talogileak omentzeko tartea ere hartu zuten eta eskaintza osatzeko, emakumezkoen pilota eta pala partidak ere jokatu zituzten.

Irailaren 14an, 10:30etik aurrera, jendea gerturatzen hasi zen Leitzako plazara. Ordurako, Leitzako Saralegi taloak eta Saldiasko talogileek plazaren alde banatan jarriak zituzten postuak. Haien aldamenean, plazako izkina guztiak betez, Mendialdeko ekoizleek eta artisauek jarri zituzten postuak. Denera, 15 ekoizle eta 14 artisauk parte hartu zuten azokan eta azoka bukatzear zela saltzaileak gustura zeuden izandako salmentekin.  

Eguerdian, omenaldietarako tartea ere hartu zuten. Taloaren Eguna ospatu den hogei edizioetan parte hartu duten Saralegi Taloak-eko lantaldea omendu nahi izan zuten antolatzaileek eta Pablo Feok diseinatutako oroigarria eman zieten opari. 

Segidan, herri kirol erakustaldia izan zen. Paulo Azpiazu, Unai Goitia, Unai Bertiz eta Oskar Arnos orgarekin aritu ziren eta Goitia izan zen plazari lau itzuli emanda marka hoberena egin zuena. Horien atzetik, Xabi Urrestik erakustaldi bikaina eskaini zuen txinga tradizionalekin: zazpi plaza eta bi metro pasatxo egin zituen. Hori nahikoa ez, eta berrogei kiloko txingak behatz bakarrekin jasota, plaza bat ere osatu zuen. 

Taloaren Eguneko festa, ez zen plazara mugatu. Amazabal pilotalekuan emakumezkoen esku pilotako eta palako partidak jokatu zituzten eta giro bikaina izan zen frontoian ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun