Oriamendi Erremonte Txapelketak bere unerik berezienetako bat biziko du larunbat honetan (16:30etik aurrera, Galarreta Jai Alai), finalaurrekoetarako txartela jokoan egongo baita. Bi goizuetarren arteko lehia izanen da atzeko koadroetan: Apezetxea eta Zubiri. Aurrean, Gurrutxaga eta Susperregi izanen dituzte lagun, hurrenez hurren. Irabazleak Jabalera eta Eskudero izango dituzte aurkari hurrengo larunbatean.
Material aukeraketan ez zen Apezetxea izan
Astelehen arratsaldean egin zuten materialaren aukeraketa. Albiste nagusia Oier Apezetxearen baja izan zen, azken bi egunetan osasun arazoengatik ohean egon baita. Horregatik, ardura osoa bere bikotekidearen, Gurrutxagaren, esku utzi zuen.
Gurrutxagak aukera anitza egin zuen: bi pilota bizi aukeratu zituen, Apezetxeak sakearekin kalte egin dezan; beste bat erdikoa, eta laugarren bat lehorra, partidak okerrera egingo balu baliatzeko. Haren hitzetan: «Garrantzitsuena da Apezetxeak sakean asmatu eta gero aukera argiak sortzea. Eta batez ere, ahalik eta akats gutxien egitea da funtsezkoa».
Susperregi eta Zubiri bizitasunaren aldeko apustuan
Aldiz, Susperregik eta Zubirik lau pilota bizi eta arin aukeratu zituzten, euren jokoari hobekien egokitzen zaizkiolakoan. Ariz Zubiri goizuetarrak berak azaldu zuen: «Pilota bizkorrak eta arinak behar ditugu, gure jokoari erritmoa ematen diotenak».
Bi aste lehenago jasandako porrota oso presente zuten buruan (2-1: 8-15, 15-13 eta 8-3). Lehen setean nagusi izan ziren, baina bigarrenean eta hirugarrenean egindako hutsek asko zigortu zituzten. Susperregik honela azaldu zuen: “Aurrekoan hasieran ekimena falta izan zitzaigun eta hirugarren setera nekatuegi iritsi ginen. Larunbat honetan oso indartsu hasi behar dugu eta bi setetan irabazten saiatu, hirugarrenera ez heltzeko”.
Itxaropen handia Galarretan
Bi bikoteak iritsi dira ilusioz eta arduraz beterik, bi hilabete eta erdiko txapelketaren ondotik, badakitelako finalaurrekoa jokoan dutela. Aurreko norgehiagokaren errebantxa airean dago, eta zaleen artean ikusmin handia piztu du: Susperregi eta Zubirik aurreko porrotari buelta emango diote, ala Gurrutxagak eta Apezetxeak berriz ere erabakigarri izango dira momentu zailetan?