«Halabeharrez» hasi omen zen Artola Erleta eskolako jangelan lanean: «Katalina Huarte eta Maria Bildarratz ziren jangelako sukaldariak eta nire ama haiei laguntzera joaten zen. Maria gaizkitu egin zen eta garaitsu berean, gure amona ere bai. Ama gelditu zen amona zaintzen eta, bere ordez, niri joateko eskatu zidan». Ongi gogoan ditu lehenbiziko eguneko urduritasunak: «amari esaten nion, ‘nik zer egin behar dut han, ez dakit ezer egiten'. Erakutsiko zidatela esan zidan amak eta hala izan zen». Handik pixka batera jaso zuen, berriz ere, eskolatik deia: «ume asko ziren eta bi langilerekin bakarrik ez ziren moldatzen. Eskolako jangelan lanean hasi nintzen orduan». Pixkanaka joan zen ardurak hartzen: «bazkalondoan ontziak garbitzen hasi nintzen eta pixkanaka sukaldean laguntzen eta ikasten. Mariak eta Katalinak erretiroa hartu zutenean sukaldearen kargu gelditu nintzen ni bakarrik, azkeneko urtetan laguntzailea jarri zidaten arte».
«Hasi nintzenean 150 bat ume izanen ziren jangelan»
Erosketak herrian
Berrogei urtean, aldaketa dezente bizi izan ditu jangelak. «Hasi nintzenean 150 bat ume izanen ziren jangelan. Baserrietan senide asko izaten ziren eta gehienak gelditzen ziren jangelan bazkaltzen. Leitzakoekin batera, Ezkurratik, Aresotik… ere etortzen ziren haurrak». Kozinatu bakarrik ez, erosketa guztiak egiteaz ere beraiek arduratzen ziren: «dena erosten genuen herrian. Leitzako harategietara joaten ginen, fruta saltzailea Irurtzundik etortzen zen... azken orduan zerbait falta bazen ere eskura izaten zenuen eta herriko komertzioentzat ere mesede zen. 25 kilo haragi xehatu erosten zenizkion harakinak ez zuen kexarik izanen. Horrela lan eginda, bertatik bertara kontsumitu eta irabazia ere herrian gelditzen zen».

Enpresen lehia
1991. urtean Nafarroako Gobernuak bere gain hartu zuen jangelaren kudeaketa eta 246/1991 Foru Dekretuak ez zuen aukerarik ematen tokiko erakundeek jangela kudea zezaten. Lizitazio prozesu baten bidez esleitzen zuten jangelaren kudeaketa eta lan egiteko modua asko aldatu zen orduan: «enpresa horiek beraien hornitzaileak zituzten eta ez ziren herrikoak izaten». Zenbakien dantza ere hor hasi zen: «enpresa, irabaztera doa beti eta argi izan behar da 2.000 irabazi beharrean 1.999 irabaztea galtzea dela beraientzat». Errieta bat edo beste jaso izan omen du lanean: «nagusiak atetik sartzerakoan asko gastatzen ari nintzela esaten zidaten, gehiegi jaten zutela... baina nik entzungor egin eta behar nuena eskatzen segitzen nuen».
Hori bai, azkeneko hamar urteetan kozinatu beharreko lehengaietan aldaketa nabaritu duela aipatu du: «ekilore olioa alde batera utzi eta denerako oliba olioa erabiltzen hasi ginen, baita zero kilometroko produktuak eta ekologikoak ere». Eta gehitu du: «barazkiak ekartzen zituzten garbitzekoak, proteina guztia barruan zutela. Garbitzerakoan antiajuak edo katalejuak jarri beharra izaten ziren». Eta maiz izaten zuen barazkiak garbitzeko lana: «barazkiek geroz eta toki gehiago hartu dute asteko menuan» eta hori zertxobait kostatzen zela aitortu du: «umeei barazkiak egun batean bai, baina hurrengoan nahi dute arroza edo makarroiak jartzea».
«Pandegian 250 lagun baino gehiagori ematen nien jatekoa»
Azken urteetako gorabeherak
Azken urteetan, eskolako jangelarekin lotutako hainbat gorabehera izan dira. 2021-2022 ikasturtean Amazabal Institutuko jangela zerbitzua kendu zuten, baina ez erabiltzailerik ez zutelako: «zerbitzua eman zen azken zazpi urtetan institutuko 90 bat ikasle etortzen ziren egunero bazkaltzera». Bestelako datuak ere jarri ditu mahai gainean: «pandemia garaian 250 lagun baino gehiagorentzat prestatzen genuen jatekoa: Erleta eskolako 110 ikasle etortzen ziren, Itzaire haur eskolako 35 haur, Amazabal institutuko 90 ikasle, Okilleko erabiltzaileak, irakasleak eta zaintzaileak». Ez ziren urte errazak izan: «berrogei urtean bizi izandako momenturik zailenak COVID garaian bizi izan nituen».
Pandemia ondorengo urteak ere ez ziren errazak izan. Azken bi ikasturteetan zerbitzuaren prezioa nabarmen igo zuten enpresek, horrek zekartzan ondorioekin: «ikasturte hasieran ez genekien zenbat ikasle izanen ziren, zein baldintzatan lan egin beharko genuen... ezjakintasuna handia izaten zen». Iaz argia ikusi zuten arte, «Nafarroako Gobernuak tokiko erakundeei jangela kudeatzeko aukera eman die eta Leitzan aukera baliatuta, jangela proiektu komunitario bat landu dute». Berri pozgarria da Artolaren ustez: «gustatzen zait landu duten proiektua. Herrian zegoen behar bati herritik emanen zaio erantzuna». Bide berriak lantzeko aukera ere ematen duela gaineratu du: «elikaduraren bueltan beste lanketa batzuk egiteko aukera ere ematen du. Eskolako jangelan bazkaltzeko toki bat baino gehiago eskaintzen da».
Ardura
Gustuko izan du bere lana, baina hainbeste jenderentzat jatekoa prestatzea ardura handiko lana dela onartu du, «ez dut sustorik izan eta ongi paseak, ongi kontatu». Hori bai, bazkariak ia ia kartara egiten dituztela azaldu du: «zeliakoak, intolerantziak, alergiak... kontuz ibili beharra dago. Haur eskolakoei ere jatekoa prestatzen diegunez, badaude txikiek jan ezin dituzten gauzak». Uste okerrak ere izan dira: «batzuk uste zuten cateringa ekarri eta guk hemen janaria berotu bakarrik egiten dugula eta ez da horrela. Hori esaten dutenak, gustura, jarriko nituzke hainbeste lagunentzako patatak zuritzen!».
«Haurrei denetarik eman behar zaie probatzeko»
Orokorrean «jale onak» izan ditu: «guraso batzuk harrituta gelditzen ziren jangelan zenbat jaten zuten ikustean». Alde horretatik, badago zer hobetua: «etxean erakutsi behar dena jangelan ikasi behar dutela uste dute batzuk. Zuk etxetik ez badiozu erakusten, jai duzu. Haurrei denetik eman behar zaie probatzeko».
Ikasleen artean fama ona du Maria Pilarren patata tortillak: «hori denok gustura jaten dugu». Ez dira nolanahiko kritikoak izaten haurrak: «eskolan batek txarra dagoela esatea nahikoa da, denek txarra dagoela esateko. Eta berdina pasatzen da goxoa badago. Zaharrenek esaten badute mundiala dagoela, denek jaten dute». Barrezka dio: «aliatuak bilatu behar». Eta berak ere tranpa txikiak egiten omen zituen: «baziren entsaladarik jaten ez zutenak eta haur eskolakoentzat egiten nuen purea ematen nien horiei. Bazkaldu gabe ez nituen ba etxera bidali beharko!».

«Polita da jendeak zure lanari balioa ematen diola ikustea»
Eskerrak
Bukatzeko, eskerrak eman nahi izan dizkie urte hauetan guztietan bidelagun izan dituenei: «oso gustura egon naiz lanean eta eskerrak eman nahi dizkie gurasoei, lankideei, eskolako zuzendariei, baita kalean Maria Pilar oihukatuz agurtzen nauten ikasleei ere. Polita da zure lanari jendeak balio ematen diola ikustea».