«Aresoko XVI. Mendi Martxa irailaren 7an egingo dugu»

Ttipi-Ttapa 2025eko irailaren 5a

Ur ALGERO TXIBITE Aresoko herritarra

Peto horia eta sukaldeko mantala jantzita ibiliko da igande honetan Ur Algero Txibite aresoarra. Mendi martxaren 16. edizioa egingo dute irailaren 7an eta urtero bezala, boluntarioen taldean ariko da: «auzolanik gabe horrelako ekitaldiak ezin direlako antolatu».

Aresoko Mendi Martxa izan da «herria ezagutzera emateko bidea», baina barrenera begira jarri eta herri mailan izan duen eragina azpimarratu nahi izan du: «2007an herria bereiziago zegoen eta mendi martxarekin, herriko jende desberdina elkarrekin auzolanean aritzea lortu zen. Ekitaldi baten bueltan, batzuk zein besteak elkartzea lortu zen». Argi dio: «nik uste helburu horiek bete zirelako segi dugula hainbeste urtetan antolatzen». Gaur gaurkoz, gorriz seinalatutako eguna da Areson: «askok antolakuntza lanetan laguntzen dute eta badira, urtero, mendi martxan parte hartzen dutenak ere».

Herritik kanpo ere badu arrakasta itzuliak: «eguraldiak baldintzatzen du zertxobait parte hartzaile kopurua, baina 300 mendizale baino gehiago izaten dira urtero». Nafarroako mendi ibilbideen zirkuituaren parte da eta Euskal Herri osotik etorri ohi dira parte hartzaileak: «jendeak gustua hartu dio eta gehienek errepikatzen dute. Badira lehenbiziko edizioan hasi eta behin ere huts egin ez dutenak». Urte hauetan guztietan gutxi aldatu da ibilbidea: «itzulia oso konpletoa da. Ez da bereziki gogorra, baina baditu igo beharreko tontorrak». 

«Ibilbide luzea eta laburra izango dituzte aukeran»

 

21 kilometroko ibilbideaz gain, ibilbide motzago bat jarri dute aurten aukeran: «hamabi kilometroko ibilbidea izango da. Ulizarko gainera igo eta Merkuraino elkarrekin joango dira parte hartzaile guztiak. Ibilbide motza egin behar dutenek hor ezkerretara hartu eta Pagozelaira joango dira zuzenean, Urkitara igo gabe». Horrela, parte hartzaile gehiago erakarri nahi dituzte: «ibilbide motzago bat egin nahi dutenak, haurrak... edo betiko ibilbidea osatu beharrean paraje berriak ezagutu nahi dituztenak». Dena den, ibilbide luzearen alde egiten duela aitortu du Algerok: «nik martxa egin behar duenari Urkitara igotzeko gomendatuko nioke, inguruko tokirik politena delako niretzat».

«Auzolanik gabe horrelako ekitaldiak ez dira posible»

Azken urte hauetan, «paella prestatzen, mendia markatzen, aparkalekua antolatzen… tokatzen denean» aritu izan da eta aurten ere, boluntarioen zerrendan izena emana du: «Areso herri txikia da eta kontuan izan behar da bertan bizi garen herritar kopurua baino gehiago izaten dela mendi martxako egunean». Horrek herritarrak inplikatzea eskatzen du: «herritarrek lan asko egingo ez balute, ez litzateke aurrera aterako».

Gustuko tokian aldaparik ez dela izaten diote eta halaxe da Algeroren kasuan. Mendia du afizio: «batetik kirola, bestetik gozamena, parajeak ikustea, lasaitasuna…» eskaintzen dizkiolako. Hitz bakar batean bildu beharko balu, «bakea» da batez ere mendiak ematen diona: «oreka puntu bat zure buruarekin edo besteekin konektatzeko modu on bat. Mendian beste modu batera bizitzen dira gauzak». Mendiaz aparte, bidaiak eta irakurketa ditu afizio: «hiru ardatz horien inguruan mugitu izan naiz azken urteetan». 

Aresoko alkate izan zen zortzi urtez eta ongi ezagutzen ditu herriak dituen gabeziak eta indarguneak: «alde batean edo bestean zer jarri, subjektiboa da oso. Herritar bakoitzak erantzun bat emango luke». Berak nahiko argi du zerk izan beharko lukeen lehentasuna: «herritarrak adinean gora doazela ikusita, herriaren etorkizuna bermatzeko neurriak hartu behar direla uste dut. Etxebizitzaren arloari, gazteak independizatzeko dituzten zailtasunei, kanpotik herrira etorri nahi dutenei... erantzun bat eman eta bitartekoak eskaini behar zaizkiela uste dut».  

Gizarte hezitzailea ere bada eta hitz gutxitan eskatu diogu Aresoko diagnosi azkarra egiteko. Bere ustez, Areson abantaila oso handiak eta desabantaila txiki bat dituzte: «herri nahiko kohesionatua gara, ekonomikoki ongi gaude eta ez dago desoreka handiegirik. Elkar ezagutzeak ere babes kapa bat ematen du». Aniztasun zertxobait gehiago da, akaso, faltan botatzen duena: «biztanleen artean aniztasunik ez izateak zertxobait pobretu dezake herria eta harremanak hain gertukoak izanik, batzuetan norberaren alde txarrak errazago azaleratzen dira». Herri txiki, infernu handi esan ohi da eta ez alferrik, baina sugarrak berotzen hasten direnean mendiz inguratuta egoteak badu bere alde ona: tontorrera igota haizea freskoagoa izaten dela gehienetan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun