Bertso talo jatea antolatu dute irailaren 14an Goizuetan

Ttipi-Ttapa 2025eko irailaren 2a

Nahikoa talo jan ondoren, toka txapelketa eginen dute ilunabarrean.

Txartelak irailaren 12ra arte eskura daitezke Amaia kafetegian edo Ixkibi kanpinean

Udako denboraldiari bukaera emateko festa antolatu dute Ixkibi kanpinean. Irailaren 14an, igandean, izanen da eta, iaz bezalaxe, taloak eta bertsoak lotuko dituzte hitzorduan. Aitor Mendiluze eta Unai Agirre bertsolariak gonbidatu dituzte eta 13:30ean eskainiko dute lehenbiziko saioa. Talo jatea 14:30ean hasiko da eta herriko talogile taldea, Bakero familia buru dutela, arduratuko da taloak egiteaz. Bazkariko txartelak irailaren 12ra arte eskura daitezke Amaia kafetegian edo Ixkibi kanpinean. Helduek 25 euro eta hamalau urtera arteko haurrek hamar euro ordaindu beharko dituzte. Bazkaritarako sarrerakoak (kroketak, rabak...), taloak, sagar tarta, edaria, kafea eta kopa izanen dituzte. Aipatu behar da iaz txartel guztiak  saldu eta 140 lagun elkartu zirela festan. Bazkalordua eta ondorena bertsolariek eta trikitilariek girotuko dute eta ilunabarrean, toka txapelketa eginen dute. Punteria gehien duenak bi otordu irabaziko ditu Oxeguarda jatetxean. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun