Aresoko Mendi Martxak 16. edizioa beteko du irailaren 7an eta 21 kilometroko ohiko ibilbideaz gain, 12 kilometroko ibilbide motza ere aukeran izanen dute aurten parte hartzaileek. Herriko plazatik 08:00etan aterako dira mendizaleak. Ulizar izanen da ibilbideko lehenbiziko tontorra eta hortik Merkura jaitsiko dira elkarrekin. Hor banatuko dira ibilbide luzeko eta motzeko parte hartzaileak. Ibilbide motza egin nahi dutenek, ezkerretarantz hartu eta zuzenean Pagozelaira joanen dira. Pagadi ederretan barna, beheranzko bidea hartu eta errekari segika, Matxaingo ur jauziaren aldamenetik pasaz, herriraino ailegatuko dira. Ibilbide luzea egin behar dutenek, berriz, Merkun eskuinetara jo eta Urkietako gaina izanen dute helburu. Handik, Museon barna, Guratzeko gainera igo beharko dute eta borden bideari segika, Aresoko plazara iritsiko dira.
Helmugan, kamiseta izanen dute opari eta paella jateko aukera izanen dute 12:30etik aurrera. Online izena emateko epea irailaren 4an bukatuko da, baina egunean bertan izanen da aukera, 07:00etatik 07:45era, 20 euro ordainduta.