Antiguako pilota txapelketako finalerako txartela lortu dute Beñat Apezetxeak eta Goiuri Zabaletak

Ttipi-Ttapa 2025eko abuztuaren 28a

Antiguako txapelketako finalerdian erraz nagusitu zitzaizkien Beñat Apezetxea goizuetarra eta Loza (gorriz), Lizeagari eta Bernaolari (urdinez).

Aurrelari goizuetarrak Dinastia Etxabe txapelketako finala ere jokatuko du gaur Zumaian.

 

Sasoian dabil Umore Onako Beñat Apezetxea pilotari goizuetarra. Antiguako pilota txapelketa entzutetsuko finalerdia jokatu zuen asteazkenean eta Carmeloç Lozarekin batera (Barberito I), 22-8 irabazi zieten Mundarroko Eñaut Lizeagari eta Mañariko Aingeru Bernaolari. Larunbateko finalean, Rekalde eta Unax Apeztegia baztandarra izanen dituzte arerio. Emakumeen txapelketako finalerdian, Goiuri Zabaleta leitzarrak eta Uharteko Ane Mendiburuk 22-11 irabazi zieten Izurengo Miriam Arraizari eta Behar Zanako Itxaso Erasuni. Etxegarai eta Gaminde izanen dituzte arerio finalean.

Beñat Apezetxea Zumaiako Dinastia Etxabe txapelketaren finalean gaur

Larunbateko Antiguako txapelketako finalaren aurretik, abuztuaren 28an, ostegunean 21:00etan hasiko den jaialdiko hirugarren partidan, Zumaiako Dinastia Etxabe txapelketako 23 urtez azpiko finala ere jokatu du Beñat Apezetxea goizuetarrak. Endika Santesteban zubietarrarekin bikote eginez, Unai Amiano eta Landa izanen dituzte arerio. Jaialdiko lehen partidan, zesta puntako finala jokatuko dute Erikek eta Urangak, Cosmeren eta Atainen kontra. Ondotik, jubenil mailako finalean, Egurrolak eta Motok, Murua eta Aitor Etxeberria izanen dituzte arerio.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun