Gustuko tokian aldaparik ez dela izaten diote eta hala pentsatuko dute, akaso, Leitzuliko partaideek. Irailaren 27an eginen dute Aurrerak antolatzen duen probaren zazpigarren edizioa. Urtero bezala, ez da irabazlerik izanen, proba ez baita lehiakorra izanen. 42 kilometroko luzera eta 1.450 metroko malda duen ibilbidea osatu beharko dute parte hartzaileek eta gehienez ere 350 parte hartzaile onartuko dituzte. Antolatzaileek zehaztu dute parte hartzaile guztiek 18 urte beteak izan beharko dituztela.
Irailaren 27an, 09:00etan aterako dira txirrindulariak Leitzako plazatik eta herriko kaleetan barna joanen dira Plazaolako bide berdera iristeko. Handik Leitzalarre eta Petriketa gainetara igoko dira. Gero, pedalei gogor eragiten segi eta gora eta behera ibiliko dira Usategieta, Idiazabal, Kornieta eta Uitziko eta Guratzeko gainetik pasaz, ibilbidea Leitzako plazan bukatzeko.
Proban parte hartzeko irailaren 22a baino lehenago izena eman behar da Kirolprobak.com helbidean eta 25 euro ordaindu.