Taxi lizentziak eskuratzen dituztenek Goizuetan lan egiteko baimena izanen dute eta zerbitzua beste herri batzuetara zabaldu nahi badute, Nafarroako Gobernuari eskatu beharko diote baimena.
Interesa dutenek irailaren 9ra arte izanen dute eskaerak aurkezteko epea. Goizuetako udaletxeko Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dituzte eskaerak, sobre itxi baten barruan sartuta. Aurkeztu beharreko dokumentazio guztia goizueta.eusen.
Deialdian parte hartzeko hainbat baldintza bete beharko dituzte hautagaiek. 18 urtetik gorako pertsonek hartu dezakete parte deialdian, eta gidabaimenaz gain, ezaugarri zehatz batzuk betetzen dituen ibilgailu bat izan beharko dute jabetzan. Ibilgailuak turismo gisa katalogatuta egon beharko du, eta gurpildun aulkiak erabiltzen dituztenentzat egokitutako betebeharrak bete. Lau ate izan beharko ditu, eta ahalbidetu aurretik zein atzetik eta bi aldeetatik atera ahal izatea. Aire egokitua edo klimatizadorea ere izan beharko dute, ezinen dute beste taxi lizentziarik ezta taximetrorik eduki, eta erantzukizun zibileko estaldura izan beharko dute.
Printzipioz, bost lagunentzako tokia (gidaria barne) duten ibilgailuei emanen zaie lizentzia, baina bederatzi tokira arteko ibilgailuak ere onartuko dituzte, betiere zenbait baldintza kontutan hartuta: mugikortasun urria duten pertsonentzat irisgarriak izatea, eta zerbitzua eskainiko den zonaldearen nolakotasuna, batez ere ezaugarri geografikoak zein biztanleriari dagozkionak bereziak direnean, edota trafiko gutxiko zonaldeak direnean.
Eskaerak jasota, epaimahaiak baloratuko ditu, atalez atal puntuazioak esleitu. Puntuazio onena jasotzen duten biei esleituko dizkiete lizentziak, eta berdinketa izanez gero, emakumeei emanen zaie lehentasuna.