Abuztuaren 14an, haur jolasak izan zituzten txupinazoaren aurretik giroa berotzen joateko. 18:00etan igo ziren Jaione Olazabal, Jon Gurrutxaga, Aratz, Intzara, Arhane eta Nahikari udaletxeko balkoira. Beraiek zuten herriko pestei hasiera emateko ardura eta hitzak kantu bihurtuta, osatu zuten pregoia. Festen hasierako ekitaldia azken urtebetean herrian jaiotako haurrei ongietorria emateko ere baliatu zuten eta zapi bana oparitu zieten. Herriko gaztetxoen kontzertuak argi erakutsi zuen herrian badela musikarako afizioa. Eguna bukatzeko, guraso elkarteko afaria egin zuten.
Abuztuaren 15ean, txistularien dianak esnarazi zuen herria eta meza eta hamaiketakoa izan zituzten segidan. Ados elkarteak antolatutako Plazaz plaza txapelketako pilota partidak girotu zuen eguerdia. Bero saparen ondorioz, ordubete atzeratu zuten herriko dantza taldearen emanaldia. 19:00etan plaza leporaino beteta, urtean zehar ikasitakoa erakutsiz saio bikaina eskaini zuten haurrek eta gaztetxoek. Segidan, herriko ingurutxoa dantzatu zuten. Ondoren, garagardo dastaketa eta afari autogestionatua izan zituzten eta eguna bukatzeko Zaze Dj leitzarra.
Abuztuaren 16an, kolorez jantzi zen Areso. Kuadrillen Eguna ospatu zuten eta goizetik gauera arte, nahikoa dantza egin eta kontuan eta kantuan aritzeko aukera izan zuten. Arratsaldeko jokuetan ere barrerik ez zen falta izan.
Abuztuaren 17an, Herritarren Eguna ospatu zuten eta 200 lagunetik gora bildu ziren herri bazkarian. Bazkalondoa Joanes Illarregi eta Nerea Ibarzabale bertsolariek girotu zuten. Arratsaldean, Aranburugoitiarrak antzezlanarekin nahiko barre egiteko aukera izan zuten. Eguna borobiltzeko, sagardo dastaketa eta erromeria izan zituzten.
Abuztuaren 18an, haurrak izan ziren protagonista. Goizean puzgarriak eta ur jolasak jarri zituzten eta arratsaldean, krosa. Parte hartzaile guztiek eskuratu zuten saria. Patata tortilla lehiaketa Eira, June, Laia eta Kontxik irabazi zuten eta musean Maider eta Mikel izan ziren garaile.