Bestak 2025

[ARGAZKIAK] Leitzako pestek askorako eman dute

Ttipi-Ttapa 2025eko abuztuaren 20a

Abuztuaren 9tik 15era ospatu zituzten Leitzako pestak eta Pablo Feok eta Leitzako udal taldeko kideek ateratako argazkietan ikusten denez, jendetza bildu eta giro ederra izan zen nagusi.

Abuztuko aurreneko asteburuan pestarako lehenbiziko txispa piztuta, abuztuaren 9an lehertu zen pesta Leitzan Gazteen Egunarekin. Joxerra Intxaustik bota zuen biharamunean festetako txupinazoa eta udaletxeko balkoian bere aldamenean izan zituen aurtengo beste bi hautagaiak: Goiuri Zabaleta eta Maria Pilar Artola. Abuztuaren 11n, ezpata dantzarekin leporaino bete zen beste urte batez Leitzako plaza eta bertan izan ziren aurten omendu zituzten bi gonbidatu bereziak ere: Pirritx eta Porrotx pailazoak.

Abuztuaren 9tik 15era, zazpi egunez, ibili ziren leitzarrak pestetan eta tenperatura bezain beroa izan zen kalean sortutako giroa: kantu bazkaria, Leitzako konpartsaren eta Incansables txarangaren kalejirak, herri kirolak, pilota partidak, bertsolariak, gauetako dantzaldiak... plaza beteta, irudi ederrak utzi zituzten eguneko zein gaueko ekitaldiek. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun