Palestina

Palestinan gertatzen ari dena «genozidioa» dela salatu dute Leitzan

Ttipi-Ttapa 2025eko abuztuaren 18a

Palestinaren aldeko elkartasun keinua egin zuten abuztuaren 9an Leitzako pestetan. Palestinan egiten ari diren etengabeko sarraskia «onartezina» dela ozen oihukatu zuten eta horren aitzinean herrialdeak erakusten ari diren «jarrera pasiboak», «genozidioaren konplize» bihurtzen dituela agerian utzi zuten.

Abuztuaren 9an, Leitzako Euskal Herria Plazan bildu ziren herritarrak Palestinako gaur egungo egoera eta munduaren erantzun falta «onartezinak» direla salatzeko. «Milaka pertsona erailak; familia osoak hondakinen azpian desagertuta; ospitaleak, eskolak, merkatuak eta errefuxiatu eremuak gupidarik gabe bonbardatuta; haurrak desnutrizioagatik hiltzen, gosea bera sarraskirako tresna gisa erabiltzen...».

Gertatzen ari dena «genozidioa» dela argi utzi zuten. Berriki, Gazako hiriko okupazio plana onartua izan da eta horrek «gazatarrak ezlekuetara desplazatzera» behartuko ditu. Hala ere, indarkeria Gazatik haratago ere zabaltzen dela argi utzi zuten Leitzan: «Zisjordanian eta Jerusalem ekialdean okupazioa, apartheida eta errepresioa areagotzen ari dira. Kolono armatuek zigorgabetasun osoz erasotzen dituzte komunitate palestinarrak, etxebizitzak, nekazaritza lurrak eta azpiegiturak suntsitzen dituzte, Israelgo armadak babestuta». Eta horrez gain, Ekialdeko Jerusalemen, palestinarren presentzia ezabatu nahian aplikatzen ari diren kanpo politikak «garbiketa etniko» gisa definitu zituzten: «Familia osoak etengabeko husteko mehatxupean bizi dira, hirian palestinarren presentzia ezabatu nahi duen legez kanpoko proiektu baten parte».

Erantzun eza erantzun bat delako

«Genozidio hau posible ote litzateke isiltasun diplomatikorik gabe? Hau da, posible ote litzateke Israel lehentasunezko bazkide gisa tratatuko ez balitz eta armen salmentak, lankidetza akordioak eta harreman diplomatiko arruntak etengo balira?»

Egoeraren aitzinean, munduaren erantzuna «isiltasun diplomatikoa» dela salatu zuten eta horrek automatikoki «genozidioaren konplize» bihurtzen duela ohartarazi zuten. «Genozidio hau posible ote litzateke isiltasun diplomatikorik gabe? Hau da, posible ote litzateke Israel lehentasunezko bazkide gisa tratatuko ez balitz eta armen salmentak, lankidetza akordioak eta harreman diplomatiko arruntak etengo balira?». Errealitetea hori dela onartuta, «gobernuen hipokresia» salatu zuten eta «pasibotasuna bera konplizitate bilakatzen dela» behin eta berriz errepikatu zuten.

Azkenik, genozidioarekin akitzeko neurriak hartzea ezinbertzekoa dela aldarrikatu zuten: «Aspaldi amaitu zen hitzen garaia; premiazkoa da genozidioa gelditzeko neurri zehatzak hartzea eta Palestinako genozidioaren errudunak epaitzeko pauso argiak ematea». Eta horren bueltan, Palestinan berehalako sarbidea lortzea eta Israelekin akordio oro etetea funtsezkoa dela gaineratu zuten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun