«Txarangarik gabeko festak ez nituzke ikusi nahi»

Ttipi-Ttapa 2025eko abuztuaren 12a

Urko Apezetxea, goizuetako gaztea.

Urko APEZETXEA LUJANBIO Goizuetako gaztea

Festetako astea «urteko asterik hoberenetakoa» dela esaten duenak, zalantzarako tarte gutxi uzten du. Urko Apezetxea Lujanbioren hitzak dira eta lepoko zapia eta blusa berdea prest eta Gazteen Eguneko kamiseta jasotzeko alarma dagoeneko jarria izanen du.

Festen antolaketa lanetan aritu da  azken hilabeteetan, «festa batzordean,  Gazteen Egunean eta gaztetxeko ekintzetan». Ordu batzuk eskaini dizkiete prestaketa lanei eta horregatik, festak «ailegatzeko gogoz» egoten direla dio.

Horretaz gain, badute beste ohitura bat: «lau lagunen artean pankarta bat egiten dugu azken urte hauetan».  Beste urtetan, pilota txapelketa ere antolatu izan du, «baina aurten inork ez zuenez parte hartu nahi, bertan behera uztea erabaki dugu».

Formula berezia

Festetako bost egunetan huts egin gabe ibiltzen da bateko zein besteko ekitaldietan. Dena den, indarrak zertxobait berreskuratzeko, zenbaki bakoitien eta bikoitien formula erabiltzen du: «abuztuaren 14an, 16an eta 18an juerga egiteko aprobetxatzen dut, normalean eta abuztuaren 15a eta 17a  ajea pasa eta lagunekin lasai egoteko izaten dira». Eguneko zein gaueko giroan, «bietan ongi» moldatzen denez, oilarrekin eta gautxoriekin biekin ibiliko da kantuan.

Abuztuaren 14an indartsu hasten dituzte festak: «Gazteen Eguna, txupinazoa eta peñen irteera ospatzen ditugu eta lehenbiziko aldiz pankarta ateratzen dugu». Abuztuaren 16an  kuadrillako bazkaria izaten dute eta horixe da beretzat festetako egunik politena: «kuadrilla guztia juntatzen gara bazkaltzeko eta kanpotik jende asko etortzen ez denez, elkarrekin juerga egiteko aukera izaten dugu, batekin eta bestearekin bidean galdu gabe».  Biharamunean indarrak hartu eta «abuztuaren 18an peñen bazkariarekin» borobiltzen dituzte festak.

Txarangaren erritmora

«Rocka edo euskal musikarekin» gustura ibiltzen omen da festan, baina behin giroan sartuta, «edozein musikarekin moldatzen» dela aipatu du. Hori bai, Goizuetako festak  doinuren batekin lotu beharko balitu, bere buruan ez lirateke faltako tronpeta, saxofoi, bonbo edo txindatak: «txarangarekin egiten ditugun itzuliak dira niretzat festetako ekitaldirik politenak». Haur, gazte eta heldu, «herri guztia animatzen da txarangarekin eta oso giro berezia sortzen da». Horregatik, argi dio: «txarangarik gabeko festak ez nituzke ikusi nahi».

Aurten behintzat, ez da halakorik gertatuko eta Igandea edo Irumaita txarangarekin izanen du gozatzeko aukera. Pankarta astinduz, blusa gerrira lotuta eta dantzan, kantuan eta kontutan ibiltzeko aukera izanen du. Festen bukaeran galdetu beharko zaio beste urtetako formula aplikatu edo azken orduan bueltaxka zirudiena luzatu eta egun bakoitiak, bikoitien pareko izatera pasa ote diren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun