Pesten antolakuntzan ibili dira azken aldian: «martxo aldean hasita, hainbat herritar biltzen gara pesta batzordean denentzako izango diren pestak antolatzeko». Azken ordukoren bat beti izaten den arren, programazioa aspalditik itxita eta lotuta daukate eta lanak herritarren artean banatuta: «hori bai, egunean bertan gainean egon behar izaten da dena ongi atera dadin».
Herritarrak festen antolakuntzan arituta, «garai batean baino egitarau oparoagoa» izaten dela uste du, «haurra nintzen garaitik asko aldatu dira pestak». Orduko oroitzapenak dantzan jarrita, «zezenak plazara ekartzen zituztela» da etortzen zaion lehen oroitzapena: «plaza ixten zuten, baina beti alde egiten zuten eta niri beldur handia ematen zidan horrek. Musika ere egoten zen baina ez dut gehiagorik gogoan».
Aurtengoan pestekin aski ez eta aurretik ere egin dute proposamen berezia: «herriko festei begira frontenis txapelketa mistoa antolatu dugu eta saltsa polita sortu da frontoi eta plaza inguruan».
Areson «hein handi batean mahai inguruan» ospatzen dituzte pestak: «bezperan guraso elkartekoek antolatutako afaria izaten da. Amabirjin eguna norbere familiarekin biltzen da. Kuadrilla eguna festetako egun kuttuna dugu. Txarangarekin kalejira, bazkaria, kuadrillen arteko jolasak... 17an herri bazkaria, pilota partidak, antzerkia, sagardo dastaketa. Eta festak amaitzeko umeen eguna». Gautxorientzat, berriz, «ia gauero erromeria talderen bat izaten da eta giro ederra izaten da txosna inguruan goizaldera arte».
Aresoko pestak, «herrikoiak eta partehartzaileak» dira: «herritar askok hartzen dugu parte antolaketan, baita ekintzetan ere». Dena den, beti dago hobetzeko tartea, «eta oraindik eta parte hartzaileagoak» izatea nahiko luke. Egitarauak horretarako aukera ematen duela uste du: «adin tarte guztietako jendearentzat festa aproposak dira».
Aresoar askorentzat bezalaxe, «Kuadrillen Eguna» du gustukoen, «lagun guztiak biltzen gara eta egun polita pasatzen dugu elkarrekin». Egun horretan bertan dantzatzen duten ingurutxoa ere nabarmendu du:«plazan dagoen herritar ugari animatzen da dantzatzera eta giro alaia sortzen da. Pozgarria da plaza bete jende dantzan ikustea». Gainera, dantzarako posizio berezia izaten du Olanok ingurutxoan: «badira urte mordoxka bat anaia eta biok ingurutxoaren hasieran dantzatzen dugula». Txistu doinuak entzun orduko, zapi urdina eskuan hartu eta dantzara aterako da aurten ere. Herritarrek sortutako zubipetik pasatzean, baietz beste behin ere irribarre bat izan zintzilik ezpainetan.