Kanpainak bi ildo nagusi ditu. Alde batetik, festetan parte hartzen duten taberna, elkarte, gaztetxe, txosna eta bestelako eragileei zuzendutako gutuna prestatu dute. Eskutitz horren bidez, espazio seguruak eraikitzeko orduan duten papera azpimarratu eta eragile aktiboak izateko deia egin diete. Bide batez, prebentziorako zenbait gomendio eman dizkiete: substantzien kontsumoaren inguruko ardura izan; jarrera erasokorren prebentzioa landu eta inguruko pertsonen zaintza bilatuz.
Herritar guztiei zuzendutako kartela ere kaleratu dute, zenbait aholkurekin. Bertan, ura edan, atseden hartu eta ongi jan behar dela azpimarratu dute, gorputza zaintzeko. Ondo sentitzen ez denari lagundu eta inor bakarrik ez uzteko ere gomendatu dute. Gainera, azpimarratu dute ez dela zertan edan edo kontsumitu ongi pasatzeko: «jaiaz gozatzeko modu asko baitaude». Horrekin lotuta, gakoa da presiorik ez onartzea, «bakoitzak bere erritmoa eta erabakiak errespetatzea ezinbestekoa da». Bide batez, gogorarazi dute jarrera erasokorrak, sexismoa, arrazakeria eta bestelako errespetu faltak ez direla onargarriak. Denon esku dago, beraz, festak guztiontzat «seguruak eta goxoak» izatea. Preserbatiboak eta alkoholimetroak eskuragarri egonen dira hainbat gunetan, baita taxi zerbitzuaren ordutegiak eta telefono zenbakiak ere. Herritar guztiei eskatu diete festak errespetuz eta arduraz bizitzeko, elkar zainduz eta denok gozatzeko moduko espazioak sortuz.