[GUTUNA] Hau ez da borroka bat izan

Ttipi-Ttapa 2025eko abuztuaren 7a

Pasa den larunbatean Leitzan izan ziren gertaera larri batzuei buruzko idatzia bidali dute TTIPI-TTAPAra Ainhoa Viguera Ijurkok eta Joxe Fermin Lizarraga Lazkanok, 'Hau ez da borroka bat izan' izenburupean.

Hau ez da borroka bat izan

Dirudienez justizia beren esku hartu eta gizaki bat zigortzea erabaki du leitzar kuadrilla batek. Ia hil arte jo dute gizona; jada bere burua defendatu edo babesteko ere gai ez zela eman eta eman segitu dute, besteak beste, hainbat saihets hautsi eta birika zulatzeraino. Zorionez, denentzat, kolpetxo bat falta izan zuen hiltzeko.

Ez zioten defendatu ahal izateko bermeak dituen epaiketa justu bat egin. Kalean txiki-txiki egin arte jo zuten; bat, askoren artean.

Kolpeka amaitu diren liskar mordoxka bat ikustea suertatu zaigu guri, baina, behin ere ez dugu ikusi bere burua babesteko gai ez den pertsona bat jipoitzen segitzen ikustea, defenditzeko gai ez dena bortizki eta gupida batere gabe jotzen segitzea, ia ia hil arte; han zegoen emakume bat tartean sartu ez balitz, auskalo…

Hau jada ez da bortizkeria patologiko batek zulatua daukan AEBetatik datorkigun berria; Leitzan gertatu da, festa aurreko asteburuan. Lintxamendu bat. Erantzun posible bat gabe, kolpe bortitzak jasotzen ari den gorputza ikusi, ziurrenik norbaitek saihets hezurraren kraskatzea ere sentituko zuen kolpea ematerakoan, eta segi. Zer pasatzen da hori egiten ari denaren burutik?

Jipoitua zein den badakigu, eta laster jakinen dugu zeintzuk diren justizieroak; Leitza herri txikia da. Gomendio bat eman nahi diegu gazte hauei: beren duintasuna berreskuratu nahi badute, onar dezatela lehenbailehen egindakoa, eta ordain dezatela justiziarekin sortu duten zorra.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun