Bestak 2025

«Txupinazoa botatzeko aukera izatea ohore bat da niretzat»

Ttipi-Ttapa 2025eko abuztuaren 7a

Joxerra Intxaustik 30 urtetik gora daramatza Maimur liburu dendan.

Joxerra INTXAUSTI BERISTAIN Maimur liburu dendako jabea.

Ezti gozotan dago Joxerra Intxausti Beristain, «oso pozik eta hunkituta» Leitzako txupinazoa botatzeko aukera eman diotelako. Leitzarrek proposatutako hiru hautagaietako bat zela jakitea beretzat «ikaragarria» izan zela dio eta herri bozketan boto gehienak bere aldekoak izatea, espero ez zuen «oparia» izan da. Badaki herri oso batek egindako aitortza dela eta hala bizi du: «jende asko etorri zait zorionak ematera eta asko hunkitzen nau horrek».

Tolosako Amarotz auzoan jaio bazen ere, Leitzan tokia aspalditik  irabazia du Intxaustik: «hogeita hamar urte baino gehiago daramatzat Maimur liburu dendan». Urteko 362 egunetan izaten du irekia denda: «urtarrilaren 1ean, abenduaren 25ean eta Aste Santuetako larunbatean ixten dut, orduan ez delako prentsarik izaten».  Gainerakoan, eskolako egutegia kontuan izaten du eta horren arabera egokitzen du ordutegia: «eskolako opor egunak dituztenean, arratsaldetan itxi egiten dut normalean». Gaineratu du: «lan lotua da, baina gustura aritzen naiz. Badakit non ari naizen eta ezin naiz kexatu».

Hunkituta dio lanean segitzeko indarra eta gogoa  eman diola herritarrek erakutsi dioten maitasunak: «65 urte ditut eta askok esaten didate erretiroa ez hartzeko. Ez daukat horretarako asmorik. Urte batzuetan, oraindik, lanean segi behar dut. Hemen nago, lanean ongi nago eta ez da seinale txarra». 

Egunkarien banaketa

Goizean goiz hasten da lanean, «05:30erako izaten naiz hemen eta lehenbiziko erronda egiten dut egunkariak banatuz». Duela gutxira arte, oinez egiten zuen banaketa, baina garai berrietara egokitu da: «seme-alabek oparitu zidaten patinete elektrikoarekin ibiltzen naiz orain». Goizeko ordu txikietan tabernetan egiten du banaketa, baina baditu bezeroek estimatzen dituzten detaileak ere: «tabernari bati egunkaria ematen badiot eta baldin badakit ondoan badela adineko bat, ez zait deus kostatzen berari ere eramatea». Naturaltasun osoz eta egiten duenari garrantzia kenduz, gaineratu du pozik egiten dituela horrelakoak: «ahal dugunean laguntzeko gaudela uste dut».

Informazio taula

Ez da herrian eskaintzen duen zerbitzu gehigarri bakarra. Informazio taula baten funtzioa betetzen baitu Maimur liburu dendako sarrerako atearen eta leihoaren inguruak. Bertan zintzilikatzen ditu egunero Intxaustik Leitzari buruzko berriak: «errepaso bat ematen diet goizean goiz egunkariei eta Leitzari buruzko zerbait ateratzen bada, moztu eta sarrerako atearen ondoan edo leihoan jartzen dut ikusgai, baita eskelak ere».  Aitortu du arrakasta duen zerbitzua dela: «jende asko ikustera etortzen da eta pila bat eskertzen dute».

Jendaurrean gustura

Intxausti gustura aritzen da jendaurreko lanean: «dena ez da arrosa kolorekoa, baina gauzen alde ona ikusten saiatzen naiz beti. Gauzen alde txarrarekin gelditzen bazara, ezer onik ez dago».  Bezeroarekin duen gertuko harremana nabarmendu du: «asko dira egunkariaren eske etorri eta goiz erdia nirekin berriketan ematen dutenak».

Horretarako txoko aproposa ere badu: «bi erakusleiho nituen lehen, baina  Covid garaian jendea ez pilatzeko bietako batean leihoa ireki eta salmentarako puntua sortu nuen. Geroztik, halaxe gelditu da eta  bezeroekin egoteko txoko berezia da orain».

Komertzioaren egoera

Komertzioaren egoeraz  galdetutakoan, gauzak asko aldatu direla aipatu du eta garai bateko eta oraingo egoera alderatu ditu: «prentsa eta aldizkariak saltzen jarraitzen dut, ezin dut kexatu, baina ezin da konparatu garai bateko eta gaur egungo salmenta». Hala, prentsaren urrezko garaiak izan ditu gogoan: «akordatzen naiz igandetan jendea mezetatik bueltan etortzen zela egunkariaren eske. 11:30-12:00 aldera ateratzen ziren mezetatik eta hemen bi lagunek egon beharra izaten genuen denei erantzun ahal izateko. Zoramen hutsa izaten zen». Datua ere eman du: «egunkariek faszikuluak ekartzen zituzten eta erraz salduko genituen igandetan 150 bat». Moda-modan egon omen ziren: «atera kontuak, jendeak faszikuluak enkoadernatzeko ekartzen zizkidan. Hasieran, Tolosako gizon bati ematen nizkion egiteko, baina eskaria handia zela ikusita, neronek ikasi nuen azkenean enkoadernazio lanak egiten».

Egunkariekin batera, hamaika koaderno, boligrafo eta material saltzen ditu. Abuztu bukaera eta irail hasiera, beti bezala, lan askoko garaiak izaten dira: «eskolako materialak eta liburuak  beti bezala saltzen dira eta, badirudi,  papera berriz ere pixkanaka tokia berreskuratzen ari dela». Dena ordenagailuan egiten zen garaiak alde batera utzi eta geroz eta gehiago omen dira pantailetatik aldendu nahi dutenak: «eskaera asko izaten ditut dokumentuak inprimatzeko eskatuz. Badirudi jendeak irakurtzeko eta ikasteko papera nahi duela eta hori guretzat berri ona da».

Ikasturte berriari begira jarri aurretik, pesta giroan murgilduko dira Leitzan. Orduan ere, atsedenerako tarterik ez eta lanean ariko da Intxausti: «beti bezala 06:00etarako irekiko dut denda eta, seguru, urtero bezala konpainiarik ez dudala faltako ordu horretan.  Goizeko ordu txikietan, ezagun guztiak hemen izaten ditut bisitan». Denda ireki aurretik egunkarien ohiko banaketa eginen du, baina egun horietan denbora gehixeago beharko du zeregin hori betetzeko: «patinetea etxean uzten dut halako egunetan, taberna ingurura patinetean agertzea ez baita oso segurua».

Eguerdiko ordu batean denda itxi eta orduan hartuko du berak ere pestarako tartea: «lagunekin tragoxkaren bat hartu, arratsaldeko ekitaldiak ikusi eta  asko berandutu gabe joan beharko dut etxera, hurrengo goizean iratzargailuak ez didalako tregoarik ematen».

Gauez oso gutxi ibili izan da pestan eta ibili denetan, batzuetan lanean aritu da: «duela urte asko zerbitzari lanetan ibili nintzen. Gauean ordubatak aldera ingurutxoa egiten zen  plazan eta diskoteka bat irekitzen zuten. Ni hor egon nintzen lanean zerbitzari eta Txoko taberna zaharrean ere bai».

Orduko bitxikeria ere ekarri du gogora: «Leitzako pestek beti izan dute fama, baina garai batekoa berezia zen. Pentsa, Txoko zaharra 24 orduz egoten zen irekita. Loentxok,  tabernako jabeak, abuztuaren 10ean tabernako atea kentzen zuen eta abuztuaren 16ra arte ez zuen jartzen.  Pestak ez zuen etenik».

Orain ere jende asko etortzen da eta liburu dendako leihotik plaza betea ikusten du goizean goizetik:  «zezenek jende asko mugitzen dute». Plazan, ordea, ez dira zezenak bakarrik izaten, «kolore berezia hartzen du plazak, batzuk esnatu berriak, besteak erretiratu gabe... eta asko ikusmiran. Egia da, zezenen aitzakian gautxoriak ikustera arrimatzen direnak ere badirela».

Duela urte batzuk, entzierroaren aurretik gaupasero askoren bisita izaten zuen berak eta ezin kontatu ordu txikietako aitortzak: «egunkaria erosteko moda egon zen, dendara etorri, tarte batez nirekin kontutan aritu eta egunkaria bilduta jarrita, ateratzen ziren korrika zezenaren aurretik».

Herri giroa

Abuztuko lehenbiziko asteburutik hasita, hamaika ekitaldi izanen dira Leitzan, baina antolatutako kontzertu, emanaldi eta ekitaldiek baino garrantzia gehiago dute Intxaustiren ustez herritarrek duten pestarako gogoak: «abuztuko lehenbiziko egunetatik nabari zaie herritarrei txispa, ilusio, gogo... berezi bat».

Leitzako pestetako herri giroa nabarmendu du: «plaza betea egoten da ekitaldi guztietan eta herri giro sanoa izaten da». Horren adibide da, bere ustez, «beti jendetza bildu eta inoiz deus larririk ez pasa izana. Giro ona izaten da beti pestetan». Komeriarik handienak ekitaldietan tokia hartzeko izaten omen dira: «badirudi batzuetan Leitzako plaza txiki gelditzen dela. Ekitaldia bostetan bada, lauetarako joan behar duzu tokia hartzera». Eta badira, lehenago mugitu behar izaten den egunak ere: «abuztuaren 11ko ezpata dantza ikusteko, badira pare bat ordu lehenago plazara gerturatzen direnak».

Berak arratsaldeko egitaraua ongi ikasia du: «zezenak, bertsolariak, pilota partidak, dantzariak... ekitaldi asko eta askotarikoak izaten dira». Gainera, nabari du azken urteetan geroz eta gehiago direla eguneko pesta nahiago dutenak: «gaueko giroak oraindik badu indarra, baina nik uste azken urteetan geroz eta indar gehiago hartu duela egunekoak».

Abuztuaren 10ean udaletxeko balkoira igo eta mikrofonoa hartzen duenean, ez daki azken aldian bezeroak agurtzeko darabilen Epa txus! esaldiarekin hasiko ote duen pregoia: «ez naiz oraindik pentsatzen hasi horretan». Esaldi bat edo bestea aukeratu, ziur ez dela txalorik faltako plazan. Batzuetan, ereindakotik jasotzen delako bizitzan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun