Palestina

Palestinaren aldeko ekimenak antolatu dituzte abuztuaren 9an Leitzan

Ttipi-Ttapa 2025eko abuztuaren 6a

Jendetza bildu zen iaz Leitzan egin zuten elkartasun ekimenean.

Leitza-Palestina Herri Ekimenak, Palestinaren aldeko eta genozidioaren aurkako aldarria presente egotea nahi du herriko pestetan ere. Genozidioa gelditzeko eskatu eta elkartasunerako deia egin dute eta abuztuaren 9an antolatu duten manifestazioan parte hartzera animatuz.

Palestinan bizi duten egoera jasanezina salatu eta genozidioa gelditzeko eskaera egin izan dute hainbatetan Leitza-Palestina Herri Ekimeneko kideek. Leitzako pestetan ere,  «Palestinako herriarekiko elkartasuna zabaltzen, Israelen inpunitatea salatzen, Israelekiko harremanak etetea eskatzen eta genozidioa amai dadila aldarrikatzen» jarraitu nahi dute.  Horretarako, hainbat ekimen antolatu dituzte abuztuaren 9an, larunbatean. Gerra giroa irudikatuz, 16:00etan sirena hotsak entzunen dira plaza inguruan eta 17:00etan erailak izan diren haur palestinarren omenez, zapatilez osatutako zintzilikario luze bat osatu nahi dute. Hori egin ahal izateko, herritarrei etxetik zapatila zaharrak eramateko gonbidapena luzatu diete. 19:00etan, manifestazioa eginen dute eta ondoren, ekitaldia. Bertan, bertsolariek, abesbatzak, dantzariek... parte hartuko dute eta performance bat ere eskainiko dute.

Leitzako pestetan Palestinaren aldeko elkartasun zapia soinean eramateko gonbidapena ere luzatu dute. Zapiak abuztuaren 9ko mobilizazioan eta plazako txosnan jarriko dituzte salgai. Bide batez, gogorarazi dute Mundubat GKE erakundearen bidez Palestinako eragile ezberdinei ekarpen ekonomikoak egiteko aukera ere eskuragarri dagoela. Leitza-Palestina Herri Ekimeneko kideek diotenez, beharrezkoak dira elkartasun keinu hauek guztiak: «palestinar herriak bere eskubideen jabe izan behar duelako eta larritasun humanitarioaren aurrean elkartasuna ezinbestekoa delako».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun