Aresoko plazatik 08:00etan aterako dira mendi martxako parte hartzaile guztiak. Ulizar izango da ibilbideko lehenbiziko tontorra eta hortik Merkura jaitsiko dira elkarrekin. Hor banatuko dira ibilbide luzeko eta motzeko parte hartzaileak. Ibilbide motza egin nahi dutenek, ezkerretarantz hartu eta zuzenean Pagozelaira joango dira. Pagadi ederretan barna, beheranzko bidea hartu eta errekari segika, Matxaingo ur jauziaren aldamenetik pasako dira eta pistan behera segiz, herriraino ailegatuko dira.
Ibilbide luzea egin behar dutenek, berriz, Merkun eskuinetara jo eta Urkietako gaina izango dute helburu. Harroketan gora eginez, iritsiko dira bista paregabeak oparitzen dituen tontorrena. Igotako bide beretik jaitsiz, Museon barna, Guratzeko gaina izango da hurrengo helmuga. Horixe da ibilbideko punturik altuena. Handik, borden bideari segika, Aresoko plazara iristeko.
Aresoko plazan, herritarrek egindako paella jateko aukera izango dute parte hartzaile guztiek 12:30etik aurrera.
Izen ematea zabalik
Gaur, hilak 24, ireki dute izena emateko epea eta irailaren 4ra arte, 15 euroren truke egin daiteke. Egunean bertan ere izango da aukera, 07:00etatik 07:45era, 20 euro ordainduta.