Abian da Ados elkartearen Udara CaixaBank pilota txapelketaren bigarren edizioa

Ttipi-Ttapa 2025eko uztailaren 23a

Udara CaixaBank pilota txapelketaren bigarren edizioa jokatuko duten pilotarietako batzuk, antolatzaileekin batera, Iruñeko aurkezpenean.

Sei bikote ariko dira eta hamasei partida jokatuko dituzte uztailaren 25etik irailaren 26ra bitarte.

Ados pilota elkartearen eskutik, Udara CaixaBank txapelketa bueltan da uda honetan bere bigarren edizioarekin, emakumezkoen eskuzko pilotaren erreferente bihurtuz. Lehiaketa uztailaren 25ean hasiko da Garesen eta irailaren 26an amaituko da Agoitzen jokatuko den finalarekin. Guztira hamasei partida jokatuko dituzte, Nafarroa, Gipuzkoa eta Bizkaiko hamabost pilotalekutan. Aurtengo edizioan, 12 pilotarik hartuko dute parte (tartean da Iera Agirre Iturriaga leitzarra), sei bikotetan banatuta, liga formatuan lehiatuz.

Bikote parte-hartzaileak:

  • Oskoz – Orbegozo
  • Barrokal – Arrastia
  • Aranburu – Mendiburu
  • Aldaregia – Agirre
  • Iturriaga – Mujika
  • Infante – Galeano

Txapelketa hau Ados Pilotak antolatu du eta CaixaBankek babesten du, berdintasunaren eta emakumeen kirolaren aldeko apustu sendoa eginez. Aurkezpen ofiziala egin zuten asteartean Iruñeko CaixaBankeko Ágora Aretoan. Txapelketa jokatuko duten zenbait pilotarirekin batera, Maite Ruiz de Larramendi, Ados Pilota elkarteko lehendakaria eta pilotaria eta Celia Torío, CaixaBankeko Ebro Lurralde Zuzendaritzako Nafarroako zuzendari komertziala izan ziren.

Celia Toríok nabarmendu zuenez, «CaixaBank erreferentea da emakumeen kirolaren babesletzan, ehun bat akordio estrategikorekin. Horren baitan kokatu dute emakumeen pilotari emandako bultzada garrantzitsu hau ere. Gizonezkoen txapelketen babesle aspalditik diren moduan ohorea da orain emakumeak ere babestea bigarren edizio honekin».

Maite Ruiz de Larramendik, bere aldetik, honakoa azpimarratu zuen: «Garrantzitsua da elkarrekin hazten jarraitzea eta pilotariei merezi duten lekua eskaintzea. Uda honetan egingo den txapelketa hau maila handikoa da eta belaunaldi berriek beren erreferenteekin gozatzeko aukera izango dute. Berdintasunaren bidean beste urrats txiki baina esanguratsua da». 



Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun