Festei hasiera emanen dien suziria uztailaren 25ean, ostiralean, botako badute ere, bezperan hasiko da nabaritzen herrian festa giroa. Uztailaren 24an, ostegunean, 17:00etan lagun arteko pala txapelketa jokatu eta herria auzolanean apaintzeko hitzordua egin dute. Ilunabarrean, 21:00 aldera, herri afaria izanen da norberak etxetik ekarritakoarekin.
Uztailaren 25ean, ostiralean, 11:00etan meza eta 11:30ean Hernaniko dultzaineroak aterako dira. 12:00etan Urumeako Mendiak Bizirik plataformako kideek festei hasiera ofiziala emanen dien suziria botako dute eta herriko buruhaundi eta erraldoiak aterako dira. Eguerdian, 12:30 aldera, pilota jaialdia hasiko da. Hasteko, nesken arteko partidak izanen dira: A. Arratibel eta L. Galardi, A. Legarreta eta A. Sagarduiren kontra ariko dira. Segidan, Aranoko eta Goizuetako pilotariak ariko dira aurrez aurre. Aranoko E. Olaizola eta M. Leonet, Goizuetako B. Apezetxea eta A. Apezetxearen kontra ariko dira. Arratsaldean, 17:00etan lagun arteko pala txapelketako finalak jokatuko dituzte eta 19:00etan bertso saioa eskainiko dute Julio Sotok, Aitor Mendiluzek, Nerea Ibarzabalek eta Andoni Rekondok. Haritz Zerain ariko da gai jartzaile lanetan. 21:00etan norberak ekarritakoarekin, herri afaria eta 22:00etan XLI.Mus Txapelketa jokatuko dute San Roke Elkartean. 23:00etatik aurrera Komerik erromeria taldearekin dantzaldia izanen da.

Larunbatean, uztailaren 26an, 12:00etan azoka hasiko da. Urtero bezala, herritarrek etxean egindako postreak, sagardoa, gazta… eta eskulanak jarriko dituzte salgai. Patata tortilla lehiaketa ere eguerdian izanen da. 17:30ean herri kirolak hasiko dira. Palaxio eta Mikel Santesteban, Joseba Izeta eta Haritz Esnalen aurka ariko dira aizkoran. Harri jasotzen, berriz, Aimar Galarraga eta bere bi alabak, Goiatz eta Uxue ariko dira. Ondoren, pilota partidak izanen dira. Salaberria eta Sagardui, Arsuaga eta Makazagaren aurka ariko dira. Segidan, Olaiz eta Legarreta eta Jara eta Lasaren arteko partida izanen da. 21:00etan herri afaria eginen dute norberak ekarritakoarekin eta 23:00etan erromeria hasiko da Alaitz Roteta, Gorka Valdes eta Hekthor Folkekin.
Uztailaren 27an, igandean, jubilatuen eta umeen eguna ospatuko dute. 11:00etan meza eta ondotik, jubilatuen hamaiketakoa izanen dute. 12:30ean Umore Ona dantza taldekoek emanaldia eskainiko dute. 16:00etan altxorraren bila aritzeko aukera izanen dute haurrek eta gaztetxoek eta 17:00etan apar festa hasiko da. 18:00etan txokolatea banatuko dute eta 18:30ean Zapotxin eta lagunen ikuskizuna hasiko da. 21:00etan herri afaria eginen dute norberak ekarritakoarekin eta afalondoan bingoa.
Pala, mus edo tortilla txapelketan parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute egunean bertan.